Atzo goizeko eraso matxista «biziki» arbuiatu dute ibartarrek

Tolosaldeko Ataria 2018ko ira. 20a, 19:35

Dozenaka herritar bildu dira Ibarrako plazan, atzo herrian gertatutako erailketa saiakera gaitzestearekin batera, aski dela esateko eta «indarkeria sexistarik zein bestelako zapalkuntzarik gabeko herri bat» aldarrikatzeko.

19:00ak pasatxo zirenean zabaldu dute pankarta udaletxearen atarian: «Erasorik ez, erantzunik gabe». Eta irmoa izan da erantzuna, dozenaka herritar batu baitira Ibarrako Udalak, Samalda Talde Feministak eta Kaxkubi Ibarrako Emakume Taldeak deitutako elkarretaratzera, erasoa jasan zuen emakumeari eta bere ingurukoei laguntza eta elkartasuna adierazteko.

Bertan ziren, besteak beste, udalbatza osatzen duten alderdi guztietako ordezkariak, baita Miren Elgarresta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaria ere. Hain zuzen, Mikel Agirrezabala alkateak azaldu du garrantzitsua dela erakundeek eta gizarteak bat egitea horrelako gertakarien aurrean, eta nabarmendudu Aldundiarekin eta gizarte eragileekin batera martxan jarritako protokoloari esker erantzuna eta laguntza bat-batekoa izan dela.

Ez da kasualitatea

Atzo herrian gertatutakoa «eraso zehatz bat» baino ez dela adierazi dute elkarretaratzea deitu duten hiru eragileek, eta gogorarazi nahi izan dute emakumeen aurkako erasoak «asko eta mota guztietakoak» izan ohi direla: «Azken denbora honetan behin eta berriz ikusten ari gara indarkeria hori bera elikatzen duela sistema patriarkal kapitalistak, eta honen barruan, egungo justizia eredu burgesak, argi eta garbi. Horren adibide dira epai antzuak, babesneurri baliogabeak, jarrera matxistak...».

Eraso horiek egiturazkoak direla salatu dute emakume taldeek: «eraso horien sustraiak daude sistema kapitalistak birproduzitzen duen genero zapalkuntzan, emakumeok bizitzako esparru askotan nozitzen dugun egiturazko desberdintasun-egoeran. Emakumeok ez dugu inoiz erantzukizunik bizitutako indarkerian zein erasoetan. Aski da emakumea biktima bilakatu eta biktimizatzeaz, bada garaia joko-arauak aldatu eta arazo honen muinarekin akabatzeko», gehitu dute.

Hain zuzen, eraso horiekin amaitzeko helburua dutela azpimarratu dute Ibarrako Udalak, Samalda Talde Feministak eta Kaxkubi Ibarrako Emakume Taldeak: «Indarkeria honekin amaitzea da gure helburua, indarkeria sexistarik zein bestelako zapalkuntzarik gabeko herri bat eraiki nahi dugulako eta horren alde ari garelako».

Erasotzailea, espetxera

Bikotekide ohia labanarekin erasotu zuen gizonezkoa, berriz, gaur goizean pasa da epailearen aurretik, eta Martuteneko espetxean kartzelaratzeko agindu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!