Urruntze agindua urratu zuen, atzo Ibarran bikotekide ohia erailtzen saiatu zen gizonezkoak

Tolosaldeko Ataria 2018ko ira. 20a, 11:28

Elkarretaratzea egingo dute gaur, 19:00etan, Ibarrako plazan, Ibarrako Udalak, Samalda Talde Feministak eta Kaxkubi Ibarrako Emakume Taldeak deituta.

Atzo gauean indarkeria matxista kasu baten berri eman zuen Segurtasun sailak. Ibarran, bere bikotekide ohia erailtzen saiatu zen 36 urteko gizonezko bat. Gertatutakoaren inguruko datu gehiago eman ditu Ertzaintzak, gaur goizean.

Gertakaria 11:20 inguruan gertatu zen, biktimaren etxebizitzan. Urruntze agindua zuen emakumearen bikotekide ohiak, etxeko txirrina jo eta emakumeari eraso egin zion atea zabaldu zuen unean, mehatxu egiten zion bitartean. Zauri arinak zituen emakumeak, eskuan, besoan eta sabelean. Etxe berean bizi den beste bikote baten laguntzarekin lortu zuen alde egitea, eta etxeko beste gela batean gorde zen. Biktimak berak eman zion gertatutakoaren berri Ertzaintzari.

Agenteen patruila bat gerturatu zen bertara, elkar hartuta zeuden bi pertsonak banandu eta identifikatu zituen. Ertzaintzak, behin informazioa jaso eta gertatutakoa bikotearekin baieztatu ondoren, erasotzailea atxilotu zuen. Erailketa saiakera eta biktimarekiko urruntze agindua urratzea egozten dizkiote, 36 urteko gizonezkoak.

Iragan abuztuan Ertzaintzak izapideak ireki zituen tratu txarrengatik, eta gizonezkoa ikertu zuten. Gaur goizean eraman dute epaitegira.

Elkarretaratzea egingo dute gaur, 19:00etan, Ibarrako plazan, Ibarrako Udalak, Samalda Talde Feministak eta Kaxkubi Ibarrako Emakume Taldeak deituta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!