Ibarrako Sanbartolome jaiak 2018

Bertsoen goxotasunak danborren zaratarekin egin du bat

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abuztuaren 24a

Ibarrako festen barruan, herriko patroiaren eguna ospatzen ari dira gaur, eta goizean haurren txanda izan bada ere, iluntzean, helduak ausartu dira danborrei hotsa ateratzen. Aurretik, gainera, bertso-saioa izan da.

Pasa den urtera bitarte, gaurko egunez, afal ostean ospatzen zen helduen danborrada. Aurten, ordea, jendea animatu zedin, afaltzeko bildu aurretiko orduak aprobetxatu nahi zituzten ekitaldi hau egiteko. Eta asmatu dute. Gazte nahiz heldu asko atera dira aurten, eta dantzarien nahiz txarangaren laguntzarekin, herriko kaleak girotu dituzte, San Bartolome plazatik hasita. Hauek, goizean atera diren haurrek baino zorte handiagoa izan dute, ateri eutsi baitu zeruak Ibarran.

Hortik metro gutxitara, gainera, bertso-saio bikainaz gozatzeko aukera izan da. Aitor Sarriegi, Andoni Egaña, Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio eta Unai Mendizabal igo dira Emeterio Arrese parke ondoan kokatutako oholtzara. Era guztietako bertsoak bota dituzte, mukuru bete zegoen plazaren gozamenerako. Txaloak eta barre algarak tartekatuz joan dira saio dinamiko batean.

Gauean, egun handia borobildu nahiko dute ibartarrek, eta horretarako, plazan, Laket taldearen erromeriaz gozatu eta ingurukoekin dantza egiteko aukera izango dute. Bihar, berriz, festa herrikoiaren txanda izango da goizean, arratsaldeko soka dantzaren aurretik. Ikusi hemen egitaraua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!