Ibarrako Sanbartolome jaiak 2018

Euriak ez du haurren nahiz helduen ilusioa zapuztu

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abuztuaren 24a

San Bartolome eguna ospatzen ari dira gaur Ibarran. Ohiturak agindu bezala, haurren danborrada izan da goizean, eta ondoren, tomate eta piper anoak banatu dituzte San Bartolome plazan. Eguraldi desatsegina, ordea, protagonista bilakatu da.

Euria, euria eta euria. Goizean goiz hasita, gelditu gabe ari du gaur. Ibarran, ordea, ez dira kikildu eta sanbartolomeetako egitarauak eskatzen zuena bete ahal izan dute goizean. Haurren danborradak, berez, herri osoa zeharkatzen badu ere, gaur goizean egin duten presazko bileraren ostean, San Inazio auzoko frontoitik hastea erabaki dute. Bertan, zenbait kanta jo ondoren, San Bartolome plazara joatea erabaki dute, nahiz eta euriak gelditzeko asmorik ez erakutsi. Eskerrak, Iraunkorrak txarangako musikariek batetik besterako kalejira alaitzerik izan duten. Plazan, ordea, oholtza gainera igo dira haurrak, eta dantzariak plazan aritu dira oinak astintzen.

Honenbestez, aterkiak eta plastikozko euritakoak ezinbesteko osagarri bihurtu dira. Ez zuten beste estalperik. Izan ere, 40 urteko tradizioa duen piper eta tomate jateak hartu du plazako frontoi estalia. Orduan piztu zaie gazte nahiz helduei ilusioa. Bertan, kiloak eta kiloak zerbitzatzen aritu dira herriko baratzezainak, eta Zubelzu Piparrak etxeko, Ibarlur Piparra Kooperatibako nahiz Txumitxako kideak. Bertara, gainera, urtero hurbiltzen da eskualdeko jende ugari, eta aurten ere, ez dute huts egin.

Arratsaldeko egitarauari dagokionez, danbor hotsak berriz entzuteko aukera izango da, nahiz eta kasu honetan, helduei egokituko zaien ardura hori. Horrez gain, besteak beste, bertso saio bikainaz, zezensuzkoaz edota Kupela nahiz Laket taldeen erromeriaz gozatzeko aukera ere izango da.

 

Argazki galeria hau babesten du:

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!