[GUTUNA] Ibarrako gertaeren harira

Kaxkubi Ibarrako Emakume Taldea 2018ko uzt. 19a, 16:56

Azkenaldian herrian izandako gertaeren harira, irmoki eta ozen salatu nahi dugu gertatutakoa!

Dagoeneko askok jakingo duzuen bezala, duela egun batzuk zurrumurruak zabaltzen hasi ziren bortxaketa baten inguruan.

Egun gutxiren barruan, neska gehiago agertzen joan dira erasoak, sare sozial bidezko akosoa eta abar salatuz. Informazio guzti hori kontrastatu bezain laster, egoeraren larritasuna eta erantzun bat emateko beharrak bultzatuta, ekintza guzti horiek salatzeari ekin zitzaion ahal zen bide guztietatik.

Horren aurrean, dagokigun lekutik, gure babes guztia eskaini nahi diegu bortxatuak, erasotuak eta akosatuak izan diren emakume guztiei. Epaileen, zein orokorrean, sistema judizialaren, partzialtasun eta eraginkortasuna ikusezina den garai hauetan, onartezina zaigu salaketarik ez dagoenaren aitzakia erabiltzea neskaren hitzak zalantzan jartzeko.

Bestetik, hausnarketara bideratu nahi dugu oraindik emakumearen hitzak zalantzan jartzen ari den edonor, edota emakumearen jarrera epaitzeko gai izan den edonor.

Bizitu duenak soilik uler dezake zer den hori eta lotsagarria deritzogu neska epaitzera ausartu den ororen jarrera. Gaur egun bortxaketak, erasoak, hilketak eta abar eguneroko ogi diren honetan, neskaren hitzak zalantzan jartzea ez da inolaz ere gure aukeren artean agertzen eta irmoki gaitzesten dugu jarrera hori hartzen duen edonor. Horrez gain, garbi daukagu, egoera honen aurrean neutral jokatzen duen oro, edota inongo erantzunik ematen ez duen oro, bortxatzailearen babesle bilakatzen dela, egindakoaren konplize.

Amaitzeko, judizialki zerbait lortuko ote dugun zalantzan jartzen dugun momentutik, herri, eskualde, zein gizarte osoa deitzen dugu kaleak hartzera, bai kasu hau eta baita gertatzen ari diren beste guztiak salatzeko.

Ezinbestekoa deritzogu presio sozial jasanezina egitea bortxatzaileei, horrela bakarrik lortuko baitugu gizartea konturatzea ez dugula bat bera ere onartuko, eta egitera ausartzen denak ez duela lekurik izango inon.

Sinatzailea: Kaxkubi Ibarrako Emakume Taldea

Atxikimenduak: Samalda talde feminista, Sortu, EH Bildu, Ibarrako merkatarien elkartea, Txiribitu Aisialdi Talde, Hauspoa Kultur Elkartea,  Ibarrako Gazte Asanblada eta Xepla elkartea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!