Eraso sexisten kontrako elkarretaratzea egin dute Ibarran

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko uzt. 15a, 19:59

Ibarran izandako elkarretaratzearen une bat. R. CALVO

Herritar talde batek luzatu du gaurko deialdia. Ibartar batek bortxatu zuela adierazi zien neska batek herritar batzuei eta gertakari horren aurrean elkarretaratzea deitu dute herriko plazan, eraso sexistak salatu eta horien biktima guztiei babesa azaltzeko. 

Herritar talde batek deituta elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Ibarrako plazan. Deitzaileek neska batek egindako kontakizunaren harira erabaki zuten deialdia luzatzea. "Duela pare bat egun, bere baitan denbora gehiagoz mantendu ezin izan zuen neska batek kontatu zuen denok ezagutzen dugun ibartar batek bortxatu egin zuela", esan dute. Neskaren ausardia nabarmendu dute eta gehitu mutil horrek eragindako beste bi erasoren berri ere izan dutela, eta baita sare sozialetan neskak jazartzen aritu dela ere. "Sare sozialetatik neska bat baino gehiago izan da akosatua pertsona honen partetik, bere zakilaren argazkiak bidaliz zein argazkiak bidaltzeko presioa eginaz", esan dute.

Azken egunetan herrian zurrumurruak egon direla esan dute eta horregatik "zurrumurruez harago" iristen joan zaien informazioa kontrastatu dutela esan dute, "horregatik deitu dugu elkarretaratze hau, segurtasun osoz esan dezakegulako bortxatzaile batetaz hitz egiten ari garela".

Bortxaketaren berri eman duen neskak ez zuen salaketa jarri eta horren aurrean esan dute salaketarik jarri ez izana ez dela aitzakia "bortxatzailea babesteko". "Horrelako zerbait jasan ez dugunok ezin dugu imaginatu ere egin zer suposatzen duen honek, zer nolako sentimendu eta sufrimendu sorrarazten duen honek. Nola izan gaitezke horren aho beroak, salaketa sartu ez izana leporatu eta horrela zeharka bada ere bortxatzailea babesteko? Hemendik noski, salatzera animatzen ditugu biktimak, baina aurrena eta, batez ere, guztiaren gainetik, uste dugu euren osasun eta egoera emozionala zaindu eta osatzea dela onena". Horren harira Manada edo Altsasuko auziak gogoratu dituzte: "Adibide hauek ez al ditugu nahikoak epaile eta epaiketen partzialtasunaz konturatzeko?".

"Bestalde, ez dago sobera esatea -jarraitu dute- ez daukala inork bortxatzaile baten aita, ama, anaia, lehengusu, iloba, ezagun edo lagun izatearen errurik, eta gainera, ulertzen dugun bezala, oso egoera zailean daude horietako asko. Hala ere, bortxatzailearekin izan dezakegun harremanaz harago, guztion eginbeharra da jarrera hau salatu eta bortxatzailea markatzeaz gainera, horrelako gertaerak berriz eman ez daitezen, gure eskuetan dagoena egitea. Hau egin ordez, dena delako arrazoiak medio, bortxatzailea babestu edo bera errugabetzeko egiten duen oro, bortxatzailea bezalaxe gure etsai politikoa izango da automatikoki".

Eraso sexisten aurrean emakumeen autodefentsaz harago, gizartearen eraldaketa "erradikala" aldarrikatu dute: "Orain guri dagokigu honi erantzutea, gizartearen eraldaketa erradikala, hau da, iraultza burutu lezakeen subjektu bakarrari, langile klaseari, hain zuzen ere. Gure jendearen aurkako eraso oro kolektiboki erantzun beharra daukagu, autodefentsaz".

Bukatzeko esan dute elkarretaratzea presio sozial moduan deitu dutela eta horrekin jarraitu behar dela "berriz ere horrelako ezer egin ez dezan eta potentzialki bortxatzailea izan daitekeen oro beldurtzeko". "Ez diezaiogun tabernetan, gaztetxean, kiroldegian eta abar sartzen utzi, kaletik gure mespretxu begiradak sentitu ditzala, egunerokotasunean markatuta sentitu dadila, ez diezaiola inork kaletik kasurik egin, balkoietatik ura bota diezaiogun... Mila modutara egin dezakegu, baina finean, gure gorroto eta haserre guztia sentitu dezala, berriz horrelako zerbait egitea okurritu ere ez zaiolako egingo horrela. Gainera egon daitezkeen bortxatzaile potentzialak beldurtuko ditugu honela, gure jendearekin sartzen badira galtzeko asko dutela erakutsiko diegu". 

Datorren ostegunean 20:00etan plazan, batzar irekia egingo dutela jakinarazi dute. 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!