Ibarran ere babarrun festa herrikoia egingo dute

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko aza. 22a, 10:00

Tolosako babarrunaren festak sona gehiago du agian, baina Ibarran ere urtero egiten dute Hauspoa Kultur Elkarteak antolatuta; larunbatean da hitzordua.

Egun osoko jaia izango dute larunbatean Ibarran, babarrunaren bueltan. Hauspoa Kultur Elkarteak antolatu du Babarrun Festa Herrikoia eta txapelketak ere egingo dituzte jaiaren barruan.

Batetik, herritarrek babarrunak nork hobeto prestatzen dituen erakutsi ahal izango dute zortzigarren aldiz antolatzen duten lehiaketan, eta bestetik, bosgarren urtez, sagardoa nork hobeto ateratzen duen ikusteko lehiaketa ere egingo dute.

09:00etan elkartuko dira babarrun lehiaketan parte hartuko dutenek, plazan, eta antolatzaileek babarrunak eta ura emango dizkiete. Parte hartzaile bakoitzak babarrunak nahi dituen bezala prestatu ahal izango ditu eta lehen hiru onenek jasoko dute saria. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek Zubiaurre, Atari eta Txumitxa tabernetan eman dezakete izena.

Sagardoa nork hobeto atera erabakitzeko lehian parte hartzeko ere, taberna berberetan eman daiteke izena, edota txapelketa hasi aurretik, 11:30ak baino lehen, plazara gerturatu daitezke.


Bazkarirako txartelak
Festa herrikoian bazkaria egingo dute eta txartelak salgai daude jada herriko tabernetan. Helduek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek 4 euro.

Ez dira izango horiek, dena den, egun osoko festa egiteko antolatutako ekitaldi bakarrak. Sari banaketak bazkaldu eta gero egingo dituzte, 16:30ean, eta ondoren, kantu jira ere egingo dute herrian zehar, 18:00etatik aurrera.

Larunbateko azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna izango denez, antzezlan berezia egongo da gaztetxean. 18:00etatik aurrera Autobiographikal poesia saio antzeztua egongo da gaztetxean.
Eguna borobiltzeko afari-merienda izango da gaztetxean, 20:30etik aurrera.

 

Babarrun festa
Azaroak 25, larunbata

  • 09:00-13:00. Ibarrako babarrunaren VIII. Lehiaketa Herrikoia.
  • 12:00. Sagardoa nork ondoen ateratzen duen erabakitzeko txapelketa.
  • 14:30. Babarrun jatea.
  • 16:30. Sari banaketak.
  • 18:00. Autobiographikal poesia saio antzeztua, gaztetxean eta kantu bira herrian zehar.
  • 20:30. Afari-merienda gaztetxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!