«'Autobiographikal' poesia errezitaldi bat da, baina antzerkiarekin nahastuta»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko aza. 21a, 15:45

Ibarrako babarrun festa herrikoiak azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunarekin egingo du bat, eta hori dela eta ikuskizun berezia hartuko du gaztetxeak. 18:00etatik aurrera Autobiographikal poesia-antzerkitua eskainiko dute Ane Zubeldiak eta Eider Perezek (Pasaia, 1995). Perezek erantzun ditu Atariaren galderak.

Zer da ‘Autobiographikal’?
Literaturazaleak gara eta poeta ezagunen eta horren ezagunak ez diren hainbat poetaren lanak hartu ditugu taula gainera eramateko. Mundu osoko poetak daude, emakumeak dira guztiak, periferiakoak batzuk... Beraien ahotsak hartu ditugu eta esperimentatu egin dugu, adibidez garai desberdinetakoak diren bi poeta hartu eta elkarrizketan jarri ditugu. Errezitaldi bat da, baina antzerkiarekin nahastuta.

Duela ia bi urte sortu zenuten ikuskizuna eta ahoz aho zabaldu da. Nondik sortu zen ideia?
Horrelako ikuskizun bat ikusteko gogoa geneukan, eta ez zegoenez, guk geuk sortzea erabaki
genuen. Egia da ere oraingo ikuskizuna ez dela hasierakoa, moldatzen joan gara. Antzerki munduan dabilen emakume batek esan zigun gehiago antzeztu behar genuela, eta egin genuen. Baina azken emanaldia Kuban eskaini dugu eta han lasaiago aritu gara, ez genekielako nola hartuko zuten edo auskalo, eta gu gusturago egon gara. Beraz moldatzen goaz, momentuaren arabera.


Azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira antolatu dute emanaldia Ibarran. Nola jorratzen duzue gaia?
Oso garrantzitsua da hautatu ditugun olerkiak norenak diren, ez da kasualitatea. Horietako askok indarkeria matxista jasan dute, bortizki kasu batzuetan, eta hori ere plazaratzen dugu Autobiographikalen.


Nola egituratu duzue ikuskizuna?
Ordu bete inguruko emanaldia da. Aurkezpen moduko bat egiten dugu lehenengo eta ondoren, hautatutako poeten ezaugarriak liratekeenak hartu eta hiru multzotan banatzen ditugu. Lehenengo beraien ispiluez aritzen gara eta atala berak ere Ispiluak du izena. Beraiek ispiluetara begiratzean zer jasotzen duten, bata besteari begira zer jasotzen duten... hori guztia erakusten dugu. Bigarren atala Egunkariak da eta egunerokoak dira protagonistak. Emakume horietako asko histeriaren gaiaren inguruan egunerokoak idatzi zituzten eta guk ere eguneroko bat irakurriko dugu. Azken atala gordinena da, Hezurrak izenekoa, muinean dagoen horretaz aritzen gara.

Ikuskizun berezia da, poesia du ardatz eta ez hori bakarrik, poesia antzeztu egiten duzue, nolabait.
Anekdota bezala esango dut, leku askotan karteletan antzerkia bakarrik jartzen dutela. Baina orokorrean harrera oso ona jaso dugu. Jendeak esan izan digu guri entzutean hustu ere egin dela, eta hori oso pozgarria da guretzat. Poemak oso beldurgarriak dira zentzu askotan, eta horrek ikusleak istorioan sartzera eramaten ditu. Ikusleek ez dute entzun behar bakarrik, gure interpretazioa ere ikusi egin behar dute, eta parte hartu.

Antzezleak al zarete?
Orain bai [kar, kar, kar] Ane dantzan ibili izan da asko eta ni ere antzerkian ibilitakoa naiz, baina literaturaren mundutik gatoz. Hasieran poesia bera zen ardatza, baina gero konturatu ginen poesia irakurrita bakarrik adieraztea oso zaila zela. Gorputz adierazmenera jo genuen, eta azkenean antzerki kutsuko lana atera da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!