"Egindakoa batik bat alabari eskaini nahiko nioke"

Ataria 2017ko urr. 30a, 16:11

Lehen mailaren ateetan geratu arren, Jexuxmari Mujika ibartarra gustura zen finala amaitzean. Zaletuek ere gogotik eskertu zioten egindako lana.

Bigarren postua hor izan duzu, baina egindako lanarekin gustura.
Hasi aurretik finalean egote hutsarekin oso gustura nengoen. Aurten pixka bat gehiago prestatuta, finalean lan ona egin nezakeela ikusten nuen. Eta hori erakutsi dut. 40 urterekin berriro lehen mailara itzultzear egon naiz. Lehen mailari hiru urtez eutsi nion, eta han sakrifizio handia dago; denbora eta izugarrizko morala eskatzen ditu. Gu gabiltzan bezala, kamioiarekin egunean 11-12 ordu sartuz eta bazterretan bazkalduz, etxera etorri eta entrenatzera joateko ere morala behar da. Nik uste, egin dudan lanarekin gustura egoteko moduan naizela.  


Finala ikusleentzat oso polita izan da, kanporaketa izan zen bezala.
Horretan saiatuko ginela esan nuen eta horrela atera da. Nire ustez ikuskizun oso polita jarri dugu. Gu berriro ere horretan saiatuko gara, eta jendea gustura bada, hobe. Ea zenbat irauten dugun. 

Ruben Saralegik koxka bat gorago dagoela erakutsi du, hasieratik.
Lehen mailan ibilitakoak bera eta ni ginen. Berak adin oso egokia dauka. Kanporaketa lasai antzean bezala hartu zuela uste dut, eta eskapada egin zuen. Kanpoan geratzear egon zen, ateetan. Hilabete honetan finala ondo prestatu duela uste dut, eta gaur koxka txiki bat gainetik dagoela erakutsi du.


Bigarren postuak saria zuen.  Zaldua aurretik hasi da, baina laugarren enborrean pasa egin duzu. Mindegia, berriz, isil-isilik atzetik zenuten. Ikusgarria izan da.
Oso polita izan da bigarren posturako borroka. Oinbikoan aukerak nituela ikusten nuen, eta joaldia egin dut. Pasa egin diot Zalduari, baina gero ezin izan diot eutsi; faktura pasa dit. Hark okilak bezala segi egiten du, eta apustua jokatzekoa denez, oso ondo prestaturik dago. Berarekin borrokan ibili naizelako oso gustura nago.


Aurrera begira jarrita, hurrengo urtean bai?
Oso zaila da orain ezer esatea. Lehengo urtetik hona salto txiki bat egin dut, baina nik bakarrik dakit hori lortzeko zer egin behar izan dudan. Zaila da. Etxean lau urteko alaba polit askoa daukat, eta harengana joatea ere nahi izaten dugu. Kalkulatzen hasten baldin bagara, 11-12 ordu kamioiarekin, entrenamenduak eta alaba... uste dut zenbakiek ez dutela ematen. Pena handiena alabak ematen dit, nik hau egiteko behar izan dudan denbora berarekin egoteari kendu baitiot. Horregatik, gaur (herenegun) egindakoa batik bat berari eskaini nahiko nioke.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!