Lehen maila 21 segundora geratu zaio Mujikari

Ataria 2017ko urriaren 30a

Final handia jokatu zuten igandean sei aizkolarik, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Harmailetan, 300 bat zaletu. Euskal Herriko Bigarren Mailako Txapelketaren finala zen, eta lehen mailara igotzeko bi txartel zeuden.

Tolosaldeak, berriz, ordezkari bat zuen bertan: Jexuxmari Mujika. Lan bikaina egin zuen ibartarrak, eta bigarren postua eskura izan zuen laugarren enborra amaitzean. Bi geratzen ziren, eta Ruben Saralegi bakarrik zuen aurretik. Xabier Zalduak, ordea, laugarren enbor horretan egindako akatsari buelta eman zion, eta Mujikari amaieran 21 segundo atera zizkion.  


Ruben Saralegi hasieran nagusi izan zen. Leitzarra lehen mailako aizkolaria da, eta herenegun hori erakutsi zuen, lasaitasunez finala irabaziz. Zaldua fisikoki bikain dago, Arria V.aren aurkako apustuaren atarian. Aizkoran zer hobetua baduen arren, merezita lortu zuen bigarren postua eta lehen mailarako bigarren txartela. Laugarren Mieltxo Mindegia geratu zen. Kilo askoko aizkolaria da zubietarra, baina aldi berean, fina. Bere aizkora lanean ikustea beti da gozagarri. Aratz Mugertza bosgarrena izan zen, egun txar batean. Kanporaketan lehena sailkatu zen Julen Kañamares izan zen seigarrena. Mugertza III.ari bezala sufritzea tokatu zitzaion Arostegikoari.

Sailkapena
1. Ruben Saralegi       19.59
2. Xabier Zaldua         20.53
3.Jexuxmari Mujika 21.14
4. Mieltxo Mindegia     21.28
5. Aratz Mugertza       23.17
6. Julen Kañamares    23.36

Irakurri hemen Jexuxmari Mujikari egindako elkarrizketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!