Denboraldiari agur, podiumetik jaitsi gabe

Ataria 2015eko azaroaren 12a

Asteburuan Extremaduran amaitu dute raid denboraldia Maitane Garmendia eta Beñat Doyharzabal ibartarrek. Hirugarren izan dira.

Urriaren erdialdean Euskal Herriko Raid Txapelketa irabazi zuen ibartarrek osatzen duten  Euskal Raid Aralar Kirolak taldeak, txapelketako bost probak irabazita. Denboraldia amaitzeko, ordea, azken lasterketa bat falta zitzaien.

Haisera batean Kataluniako Txapelketan parte hartzekoak ziren, baina azkenean Extremadurara joan ziren, Espainiako Ligako azken proban lehiatzera. "Biak asteburu berean tokatu ziren eta azkenean Extremadurara joatea erabaki genuen" azaldu du Garmendiak.

Bi eguneko raida izan zen. Larunbatean, 143 kilometroko bidea osatu behar izan zuten 14 ordutan, trekking edota mendi bizikletako sei etapatan banatuta. Igandean, berriz, 41 kilometro egin zituzten lau ordutan.

Taldeek hiru partaidez osatuta behar zuten, eta Haitz Larrinaga ondarrutarra izan zen ibartarren bidelagun. Elite mailan hartu zuten parte, eta ez zen beharrezkoa taldean neskaren bat egotea.

Hirugarren postuan amaitu zuen raida hirukoteak. "Oso gustura geratu gara egindakoarekin, denboraldiari amaiera bikaina eman diogu" aitortu du Maitane Garmendiak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!