"Prozedura hauen helburua gure herriaren etorkizuna baldintzatzea da"

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko eka. 26a, 19:38

'Herriko tabernak' enkantean jartzeko erabakia salatzeko elkarretaratzea egin dute Subegi elkartearen aurrean. "Duela 14 urte abiaturiko prozedura hauen helburua gure herriaren etorkizuna baldintzatzea da. Salbuespeneko egoera amaiezin batera kateatu nahi gaitu Estatuak", esan dute.

Espainiako Auzitegi Gorenak 'herrikoak' itxi eta enkantean jartzeko sententzia arbuiatzeko mobilizazio asteburua deitu dute Euskal Herri osoan. Eskualdean Ibarrako Subegiri, Tolosako Intxurreri eta Villabonako Iratzarri eragiten die erabakiak, eta beraz, hiru herrietan deitu dituzte protestak. Villabonan eta Tolosan bihar egingo dituzte protestak.

Ibarra izan da lehena. Subegi elkartearen kanpoan elkartu dira herritarrak sententzia salatu eta "'herriko tabernak' libre eta zabalik" nahi dituztela esateko. "107 herriko taberna eta elkarte kultural ebasteko erabakiarekin, 1936. urtean faxistek eginiko lokal eta ondasun lapurreta erreproduzitu du Auzitegi Gorenak –esan dute–. 36ko altxamendu faxistarekin sekula haustura demokratikorik egin ez duen Estatu espainiarrean jazarpen historia luzearen beste katebegi bat da epaia".

Orain arteko "borrokak" irakaspenak utzi dizkietela ere esan dute: "Garai politiko berri bat irekitzeko hautua egin genuen eta Estatuak jarritako oztopoak handiak diren arren, hamarkada luzetan egindako borrokari esker eta hein handi batean, ilegalizazioari aurre egin geniolako, agertoki berri bat sortzen ari gara gure herrian".

Aurrera begira ere "epaiketa eta sententzia politikoei aurre egin" behar zaiela eta "jazarpen politiko ororen amaiera" eskatu behar dela gaineratu dute: "Justizia eta legearen aurrean, gu justiziaren alde lerrokatu gara, horrela justiziaren alde egingo dugu lan, eskubideen urraketak geldiarazi arte".

Sententzia ez dutela onartzen eta horregatik aurre egingo diotela adierazi dute. Lehen urratsa, zentzu horretan, asteburu honetako protestaldiak direla esan dute eta datozen egunetan ere adi egoteko eskatu dute, "herriko tabernak defendatzera goaz eta defentsa horrekin bat egitera deitzen zaituztegu".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!