Aitor Arevalo: "Jokalari bakarrarekin entrenatu genuen astelehenean"

Asier Imaz 2014ko aza. 25a, 18:41

Bi puntu aurretik zegoen Sala Quinto azken jardunaldia jokatu aurretik, Bigarren B Mailako sailkapenean. Lauburu Ibarra larri iritsi zen partidara, lesioak medio, taldea arazoak izaten ari baita. 

«Astelehenean jokalari bakarrarekin entrenatu genuen», dio Aitor Arevalo entrenatzaileak. Hurrengo entrenamenduan ez ziren gehiago, hiru besterik ez, eta larunbata gainean. Azkenean, zazpi jokalarirekin iritsi ziren ibartarrak Sala Quintoren aurkako lehiara. Iritsi, eta irabazi: 3-1.
Aitor Arevalok azaldutakoaren arabera, ibartarren garaipena defentsan oinarritu zen. Lan serio eta sendoa egin zuten moreek atze aldean, eta aukera izan zutenean aurretik jartzea lortu zuten markagailuan, Garmenen golarekin. 1-0 eta atsedenaldira.
Bigarren zatian gauzak maldan gora jarri ziren, lesioak taldea erabat murriztuta utzi baitzuten. Hala eta guztiz ere 2-0eko lortu zuen Txipik. Ibartarren atezainak geldiketa handiak egin zituen, baina honek ere partida utzi behar izan zuen lesionaturik. Gauzak horrela, aldaketa bakarrarekin gelditu zen Lauburu.
Aurkariak saiakera egin arren, ez zuen tartea murrizterik lortu. 30. minutua pasa berritan, etxekoak izan ziren berriro gola sartu zutenak, Uzkuduni esker. Sala Quintoren gola partida amaitzeko hiru minutu falta zirenean iritsi zen.
Hurrengo partida Ibararteren aurka jokatuko dute ibartarrek, eta entrenatzailearen kezka nagusia lesioak izango dira.
Horrez gain, Lauburu denboraldi txukuna egiten ari da, eta oraindik maila ez galtzea baldin bada helburu nagusia, beheko postuetatik urrundu eta gora begira jartzeko aukera badu Ibarrak. Horren inguruan galdetuta, Aitor Arevalok oinak lurrean, baina ausart hitz egiten du: «Denboraldi hasieran beti esaten dugu maila mantentzera joan behar degula, baina nire ustez, Ibarra bezalako talde batek gora begiratu behar du. Iaz seigarren egin genuen, eta aurten ere ahalik eta gorenen geratzen saiatu behar dugu».

Lauburu Ibarra    3
Sala Quinto            1

Sailkapena
1. Colo Colo                                28p
2. Zierbena                                 24p
3. Debabarrena                           23p
9. Ibarra                                   15p
16. Labastida                               4p

Hurrengo jardunaldia
Ibararte (13)-Ibarra (9)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!