Azalpenak emateko ezohiko osoko bilkura Gaztelun

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko eka. 23a, 08:38

Udaberri taldeak alkateari bidalitako gutun bat dela eta, udalak azalpenak eman zituen atzo iluntzean. Antza, 2015eko lan batzuk dira ika-mikaren iturburua. EH Bilduko lau ordezkariak izan ziren bertan eta Udaberri taldekoa ez zen joan.

Gaztelun ezohiko osoko bilkura egin zuten atzo iluntzean. Puntu bakarra izan zuten eztabaidagai: Gari Aranzabal alkateak ekainaren 13an etxeko postontzian jasotako “mehatxu gutuna”. Udaberri taldeak, oposizioak, sinatutako gutuna da. “Jasotako gutuna Udaberrirena ote zen baieztatu nahi izan dugu, eta bai, horrela da”, esan zuen Gari Aranzabal alkateak.

Herritarrak bildu ziren udaletxean azalpenak entzuteko, eta haiei zuzendu zen alkatea lehenik eta behin: “Herritarrei lasai egoteko eskatu nahi diet, gu lasai gaude. Eman ditugun pauso guztiak bai juridikoki eta baita teknikoki ere zuzenak izan dira, uneoro kontrastatu ditugu. Informazio guztia paperean dugu, hemen, herritarren eskura, ez dugu ezer ezkutatzeko”.

Gutuna

Gutunean pasa den maiatzaren 17ko osoko bilkuran azalpenak eskatu zizkiotela, eta “zain alferrik egon ondoren” zuzenean berari idaztea erabaki zutela zioten. Bertan bere dimisioa “exijitzen” diote. “Prebarikazioa, diru publikoa bidegabe erabiltzea, iruzurra eta ordainarazpen ilegalagatik inputatu-inkertua zaude, plazatik elizarako konponketaren kasuan”, dio gutunak. Horregatik eskatzen diote dimisioa eta hori 48 ordutan egin ezean “informazio kanpaina” hasiko dutela diote, hainbat aukera dituztelarik: “Ez dakigu noraino iritsiko garen, baina aukera desberdinak ditugu: herria informatu (idatzi baten bidez, plazan bilera bat antolatuaz eta pankarta bidez), Tolosaldean informazioa zabaldu (Atarian publikatuaz eta kartelak jarriaz), Gipuzkoan eta Euskal Herrian informazioa zabaldu (egunkarietan, Gara, DV, Noticias de Gipuzkoa, El Pais, El Mundo), prentsa digitala erabili (egunkari digitalak eta youtube) edo telebista (28 Kanala, EITB, La Sexta, RTVE). Beste aukeraren bat sortzen bada ez dugu baztertuko”. “Zure buruarentzat mesede izango litzatekeela uste dugu eta gazteluar gehienentzat ere hala izango litzateke. Gehienak esaten dugu izango direla batzuk, zu behar beharrezko laguntzailea izan arren, seguruenik zuk antolatu ez duzun zerbaiten zama zuk eramatea nahiago dutenak”, dio gutunak.

Auziak hartu duen norabidea ikusita alkatea bera eta EH Bilduko zinegotziak –Gazteluko bost zinegotzietatik lau EH Bildurenak dira eta bakarra da Udaberri taldekoa– etxez etxe joan dira azalpen gutunak emateko. Batetik, jasotako “mehatxu gutuna” zabaldu dute herritarren artean, eta baita horren aurrean udalak egiten duen irakurketa eta 2015eko auziak izan dituen pauso guztiak ere. Horiek izan ziren, hain justu, atzoko ezohiko osoko bilkuran eman zituzten azalpenak. Alkatearen eta EH Bilduko zinegotziek argitu zuten ez dutela “gorrotoaren morrontzapean” bizi nahi eta lanean jarraitzeko konpromisoa hartua dutela. “Udaberri taldeak aspalditik udaletxearen kontra martxan jarritako etengabeko judizializazioak kostu ikaragarriak ekarri dizkio herriari, bai ekonomikoak zein pertsonalak, herri honek behar dituen inbertsioak zapuztuz”, nabarmendu zuten. “Azken 15 urteetan eman den judizializazio antzuak dirutan kostu asko ekarri dio Gazteluri”, gehitu zuen alkateak.

Gertakarien berri eman zuen alkateak

2015. urtean plazako eskailerak konpontzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diru laguntzak gaiztotu du giroa Gaztelun. Foru Aldundiak bertan irekitako auzia dago batetik, eta alkatearen kontra jarritako salaketa, bestetik. Tolosako epaitegian dago instrukzio fasean, eta epaileak erabaki beharko du epaiketa egin ala ez.

Ezohiko osoko bilkuran udaleko zinegotzi eta alkateak etxez etxe banatu duten informazioa eman zuten. Azaldu zuten 2015ean eskailerak konpontzeko proiektua aurkezteko aukera zabaldu zuela udalak. Hiru enpresa aurkeztu ziren eta “udal teknikariek balorazioa egin ostean” Otegi Eraikuntzak enpresa aukeratu zuten. Osoko bilkurara eraman zuten erabakia eta esleipena alderdi guztien oniritziarekin onartu zen, baita oposizioarena ere.

Lana egin zuten eta ohi bezala Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariak Gaztelura gerturatu ziren lana ikustera. “Ontzat” eman zutela esan zuen Laida Etxedona zinegotziak. “Eta diru laguntza bideratu zitzaion udaletxeari, 17.462,68 euro, beza barne”. Lanak egin zituen enpresak 21.828,40 euroko (beza barne) faktura egin zuen. “Udaletxeak diru laguntza jaso bezain pronto egin zituen egin beharreko ordainketak”, esan zuen.

Gerora, Udaberri taldeak Foru Aldundian salaketa aurkeztu zuela azaldu zuen zinegotziak. “Obra horretan diru hori ez zela gastatu argudiatu zuten”. “Udalak horren berri izan zuenean, bilera eskatu zuen Foru Aldundian gauzak argitzeko. Bilera horretan honakoa adostu zen: batetik, udaleko teknikariak obra amaierako txostena zehaztasun handiagoarekin egitea eta, bestetik, Foru Aldundiko teknikariak eta eraikuntza enpresako arduradunak elkarrekin obra ikustea”, zehaztu zuen. Fase hori pasata, Foru Aldundiak diru laguntza ontzat jo zuela esan zuen.

 Bilerak, Foru Aldundian

“2016ko udan, udalak jakin zuen Foru Aldundiko sail horretako arduradunek bi bilera egin zituztela oposizioarekin”. Udaleko arduradunek ez zutela horren berririk jaso salatu zuen Etxedonak. “Segidan, Foru Aldundiak jakinarazi zion udalari enpresa pribatu bati agindu ziola obra ikusi eta balorazio bat egitea. Enpresa horrek ez zuen inolako hartu emanik izan ez udaleko teknikariekin, ez udala berarekin, eta ezta obra egin zuen enpresarekin ere”. Azaldu zutenez, enpresa horrek egindako txostenak dio, obra horretan 5.947,42 euro (beza barne) gastatu zela. Foru Aldundiak emandako diru laguntza 17.462,68 eurokoa zen, eta beraz, aldea itzultzeko eskatu zion udalari: 10.266,30 euro diru laguntzari lotuta eta 378,87 euro interesak direla eta.

 Udalak dirua itzuli zuen, baina aldi berean, administrazioarekiko auzi prozesua ireki zuen. “Udalak bere alegazioak aurkeztu zizkion bai enpresa pribatuaren txostenari zein foru aldundiaren erabakiari. Era berean, euren alegazioak aurkeztu zitzatela proposatu zien obra egin zenean udalean zegoen teknikariari, egungo teknikariari eta obra egin zuen enpresari. Guztiek aurkeztu zituzten eurenak”, azaldu zuen ezohiko osoko bilkuran.

Auzi prozesu hori Foru Aldundiaren aldekoa izan zela esan zuten: “Alegazio horiek denak aurkeztuta ere, epaileak Foru Aldundiaren erabakia eta enpresa pribatuaren txostena jo zituen fidagarritzat. Udalaren ustez, honek aurkeztutako alegazioetako argudio nagusiei entzungor egin zien epaileak”. “Enpresa pribatu horren txostenak dio 'gauza asko' ezin dituela neurtu”, gaineratu zuen alkateak.

Alkateak azaldu zuen ez zaiela “bidezkoa” iruditzen epailearen erabakia: “Foru Aldundiari bueltatutako 10.645,17 euro horiek jasotzea dagokio udalari. Horregatik, udaleko talde tekniko juridikoari txostena eskatu diogu, hemendik aurrera eman beharreko pausoak zehazteko eta diru hori nori eta nola eskatu behar duen argitzeko”.

Aranzabalek udalak prozesu guztian jarraitutako irizpideak nabarmendu nahi izan zituen: “Irizpide teknikoetan oinarrituta eta legalitatea zehatz-mehatz jarraituz aritu da. Hori ez du zalantzan jarri ez Foru Aldundiak eta ezta epaileak ere”.

Alkatearen kontra

Ordura artekoa administrazioarekiko auzi prozesuan kokatu behar da, baina hori abian zegoela Udaberri taldeak EAEko fiskal nagusian udalaren kontrako salaketa aurkeztu zuen. “Salaketa horretan diru publikoa bidegabeki erabiltzea, prebarikazioa... egozten zaizkit. EAEko fiskal nagusiak eskaileren obrari buruzko datu guztiak eskatu zizkion udalari, honek eman zizkion, eta EAEko fiskal nagusiak auzia Gipuzkoako fiskaltzari bideratu dio”, argitu zuen. Une honetan, beraz, auzia Tolosako epaitegian dago instrukzio fasean eta epaileak erabaki beharko du epaiketa egin ala ez. “Momentuz obra egin duen enpresako eta Foru Aldundiak kontratatutako enpresa pribatuaren arduradunak bakarrik joan dira deklaratzera”, azaldu zuen.

Udaberri taldeko kiderik ez

Udaleko arduradunek oposizioko inor joan ez izana ere salatu zuten ezohiko osoko bilkuran. “Gauzak udalean eztabaidatu behar dira. Hau da tokia. Gauza teknikoak teknikoekin udaletxean hitz egin behar dira”, esan zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!