Gari Aranzabal: "Informazio guztia udaletxean dago, herritarren eskura"

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko eka. 22a, 21:44

Gari Aranzabal alkatea lasai dagoela dio, udalak emandako pauso guztiak "teknikoki eta juridikoki kontrastatua" eman dituztela esan du eta herritarrei ere lasaitasuna eskatu die. "Jauntxoen garaia bukatu da Gaztelun, ezin dugu mehatxuekin jarraitu", esan du.

Zergatik deitu duzue ezohiko osoko bilkura?

Azalpenak emateko. Herritarrek azalpenak merezi dituzte eta modurik egokiena iruditu zaigu. Ez dela ezer pasatzen, dena propaganda dela esan nahi genien. Herrian gorabeherak izan ditugu, baina azkenaldian herri giroa sortzen ari zen berriz ere plaza inguruan. Etxez etxe lanketa egin dugu, pertsonaz pertsona, giroari buelta emateko, eta argi dugu hori dela bidea. Jendearekin hitz egin behar da, dituzten zalantzak argitzen saiatu, azalpenak eman... Eta herrian ekintzak egiten jarraitu behar dugu herri giroa sustatzeko. Hori izan da gure helburua orain arte, eta horretan jarraituko dugu. Udal baten edo pertsona jakin baten izena zikintzea erraza da, gauza eraikitzaile eta onak egitea da gure lana, gure egunerokoa. Herria egiten jarraituko dugu, zintzo eta zuzen.

2015eko eskaileren kontura dator hau guztia, baina esan duzuenez herritarrek bazuten hori guztiaren berri.

Herri bilerak egin ditugu azalpenak emateko eta auzia nola zihoan esateko. Bestela ere hemen dago informazio guztia herritarren eskura.

Foru Aldundiak bi aldiz diru laguntza hori berretsi zuela esan duzue, eta hirugarren aldi batean, enpresa pribatu baten txostena aintzat hartuta, eskatu zuela diru laguntza bueltatzeko.

Antza bilera batzuk egin zituzten Udaberri taldekoek eta Foru Aldundiak eta horren ondotik etorri zen txosten hori. Handik urte eta erdira. Ez dugu ondo ikusten. Gure ustez udalarekin eta alkatearekin kasu honetan hitz egin behar dute eta horregatik azalpenak eskatu ditut. Jada eskatu dut bilera Gipuzkoako Foru Aldundian, desleiala baita gauzak horrela egin izana. Azalpenak eskatzera joango naiz.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!