Targazki Tolosaldeko argazkilari taldeak bultzatuta, Elduaingo ostatuko jangelako hormak hegaztien argazkiekin atontzen ari dira azkenaldian. Ruben Caceres iruindarraren lanak izan ziren ikusgai uda aurretik, eta orain, Elena Marquez argazkilari eta Targazkiko lehendakariak hartu du lekukoa.
Zergatik hegaztiak?
Ruben Caceresen erakusketak harrera oso ona izan zuen Elduainen, bai herritarren artean bai kanpotik bertaratu zirenen artean, eta nik hegaztien hainbat argazki gordeta neuzkanez, horiek erakustera animatu nintzen.
Zenbat hegazti espezie bildu dituzu?
Guztira, hamabi hegazti espezie daude. Horien artean, ubarroia, koartzatxo txikia, amilotx urdina, kaskabeltz handia, okil handia, txantxangorria eta flamenkoa. Gehienak Plaiaundin (Irun, Gipuzkoa) eta Bertizen (Nafarroa) ateratakoak dira, eta pare bat Sendaviva Natur Parkean (Arguedas, Nafarroa) ateratakoak ere baditut.
Zenbat denboran osatu duzu bilduma?
Aurtengo argazkiak Sendaviva parkekoak eta Bertizen ateratakoak bakarrik dira, eta gainontzekoak urteetan zehar ateratzen joan naizen argazkiak dira. Duela urte mordo bat hasi nintzen hegaztiei argazkik egiten, eta ordenagailuan asko dauzkadanez, horiekin zerbait egitea erabaki nuen.
Zergatik Elduaingo ostatua? Nolakoa da lekua?
Ostatua kudeatzeko ardura alabak [Maddi Davila] hartu zuenez, niretzat aukera polita da. Gainera, espazioa oso zabala eta argitsua da, eta jangela toki egokia da argazkiak jartzeko. Bertan, argazki zaharrak eta oso politak zeuden lehen, garai batean Elduain nolakoa zen erakusten zutenak. Horiek noizbehinka aldatzea ideia ona zela iruditu zitzaidan, eta ni Targazkiko lehendakaria izanik, bertan erakusketa bat antolatzeko proposamena egin nien taldekideei. Rubenek jarri zuen eta orain niri egokitu zait.
Noiz arte egongo da ikusgai?
Nire argazkiak urri bukaera arte egongo direla pentsatzen dut, baina ez du data zehatzik. Hilabete inguru egongo dira, beste norbait animatu arte.
Targazki elkarteko lehendakaria zara. Zertan aritzen zarete?
Astean behin, asteazkenero, biltzen gara normalean, eta bilera horietan argazkiak ikusi, horiek aztertu eta komentatzen ditugu. Denak afizionatuak gara, eta elkarri laguntzen diogu. Horrez gain, hainbat jarduera antolatzen ditugu argazkilaritza ardatz dugula, Elduaingo erakusketa kasu. Batzuek argazki rallyetan ere parte hartzen dugu, eta asteburu batzuetan irteerak ere egiten ditugu.
Zenbat kidek osatzen duzue taldea?
Tolosa bezalako herri baterako ez gara asko, 15 pertsona inguruko taldea baikara. Ikasturtean zehar jarduera asko antolatzen saiatzen gara, eta jendea animatzeko horiek zabaltzen ditugu sare sozialen bitartez, baina kosta egiten da.
Eskualdean argazkilaritzarako afizio handia dagoela uste al duzu?
Bai, Tolosan, bereziki, afizio handia dago, baina jendeak ez gaitu ezagutzen. Zorte pixka bat izaten dugu Tolosako Udalak antolatzen duen ikastaroarekin, izan ere, bertan gure taldearen berri ematen dute. Gainera, Ura Iturralde argazkilariak gidatzen du ikastaroa, eta laguna dugunez, jendea taldera batzera animatzen du. Noizbehinka batzuk azaltzen dira bertatik.
Non eman daiteke izena?
Targazki.com webgunearen bitartez, sare sozialen bitartez edo gure lokalera joanda. Asteazkenero biltzen gara, 19:00etatik 21:00etara, Tolosako Emeterio Arreseko eraikinean dagoen lehendabiziko solairuan.