Betidanik izan du argazkilaritzarako grina Ruben Caceres irundarrak. Mugikorreko kamerarekin hasi eta duela zortzi urte inguru erosi zuen bere lehen argazki kamera. Denetariko argazkiak ateratzen ditu, baina bereziki, fauna eta makro argazkilaritza ditu gustuko. Gaur egun Tolosako Targazki elkarteko kidea da, eta hainbat sari irabazi ditu.
Nola suertatu zitzaizun erakusketa jartzeko aukera?
Elena Marquez Elduaingo ostatuko kudeatzailearen [Maddi Davila] amak proposatu zidan ostatuan bertan erakusketa antolatzea. Izan ere, Elena Targazki elkartetik ezagutzen dut elkarteko zuzendaria delako eta ni bertako bazkidea naiz duela bost urte ingurutik.
Hegaztien argazki erakusketa jarri duzu. Zenbat espezie ezberdin ikusi daitezke?
12 argazkik osatzen dute erakusketa eta 10 espezie inguru ikusi daitezke bertan. Horietako bi errepikatu egiten dira, Amilotx urdina eta Kaskabeltz handia, hain zuzen.
Zein espezie gehiago ikusi daitezke erakusketan?
Nire hegazti gustukoena Amilotx mottoduna da eta, gainera, denbora askoan haren argazki bat aurkitzea kostatu zaidan txoritxo bat da eta maitasun berezia diot. Horrez gain, txantxangorria, arrano arrantzalea, belea, garrapo eurasiarra eta eskinoso eurasiarra ere ikus daitezke, besteak beste.
Zenbat denboran osatu duzu bilduma?
Nik hegaztien argazki asko egiten ditut, baina esango nuke argazki guzti horiek 2 edo 3 urte arteko aldearekin daudela eginda.
Non egin dituzu argazkiak?
Argazki asko ez daude Euskal Herrian eginak, baina bertan agertzen diren hegaztien espezie guztiak Euskal Herrian aurkitu daitezke. Ni Irunen bizi naiz eta askotan Plaiaundi parkera joaten naiz argazkiak egitera. Normalean hemen inguruan mugitzen saiatzen naiz inguru honetan dauzkagun mendi eta parajeengatik.
Nolako harrera izan du erakusketak?
Elenak esan dit harrera oso ona izan duela erakusketak, eta herritarrek ostatura sartu orduko argazkiekin gozatzen dutela.
Noiz arte egongo da erakusketa ikusgai?
Ez du denbora mugarik, beste bat antolatzen dugunean argazkiak aldatuko ditugu eta listo.
Zein beste argazkilaritza mota egiten duzu?
Denetarik egiten dut, argazkilaritza bere forma guztietan dut gustuko. Bereziki, makro argazkilaritza dut gustuko, argazkiak handitzearena, intsektuena, testurena... Senide, lagun edo ezagunei noizean behin argazki erreportajeak ere egiten dizkiet, argazkilaritzaren bitartez helarazi nahi diedalako haiekiko maitasuna.
Gainera, argazki rallyak ere egiten ditugu. Horren bueltan badago txapelketa bat Euskal Herri mailakoa, batez beste 60 pertsonak hartzen dugu parte eta iaz ligako txapeldun geratu nintzen.
Zer sentitzen duzu horrelako aitortza bat jasotzen duzunean?
Izugarrizko ilusioa. Argazki rallyen kontua oso modalitate desberdina da, nahiko purista. Jende guztia bere materialarekin joaten da eta hor bi gai ematen dizkizute, non lauzpabost ordu dituzun gai horietako argazkiak egiteko. Gai bakoitzeko argazki bakarra aurkeztu dezakezu eta ezin dira editatu. Hori da txapelketa honek duen berezitasuna; ez dago ediziorik, kamera eta zure sormena bakarrik.
Eta hori nahikoa dela uste duzu argazki on bat egiteko?
Beste argazki lehiaketa batzuetan edizioak garrantzi handia du eta nik ez dut hori gutxietsi nahi, baina argazkia perfektua izan dadin eta nahi duzuna irudikatu ahal izateko uste dut zure kamera eta materiala oso ondo ezagutu behar dituzula.
Nondik datorkizu argazkilaritzarekiko afizioa?
Argazkilaritza beti gustatu izan zait, pertsona bisuala naizelako eta momentu ekonomiko onean nengoenean argazki kamera bat erosteko erabakia hartu nuen. Argazki kamerek txikitatik deitu didate arreta, baina ez dut hori erosteko aukerarik izan. Kamera ona zuen mugikorra erosi nuen eta kamera digitala erosi nuenean ez dut mugikorreko kamera berriro ukitu.
Ondo moldatu zaren seinale.
Autodidakta naiz eta pixkanaka joan naiz argazkilaritzan murgiltzen. Hasieran, ideia handirik izan gabe, Plaiundira joaten hasi nintzen eta han igarotzen nituen ordu libreak. Gaur egun, Canon R6 MARK II kamerarekin aritzen naiz, baina aurretik beste kamera sinpleago batekin aritu izan naiz. Material on bat izatea baino teoria eta praktika ondo menderatzea eta zure kamera ezagutzea da garrantzitsuena.
Sare sozialen gorakadarekin, uste duzu jendeak oraindik baduela argazki kamerak erabiltzeko ohitura?
Gaur egun, zaila da argazki kamerarekin aritzen den jendea ikustea, baina honen bueltan mundu bat dago. Mundu honetan adinak ez du garrantzirik. Argazkia hizkuntza da eta argazkilaritza terapia.
