ELKARRIZKETA

«Herritarrek gustura hartu dute tabernaren irekiera eta oso pozik gaude horrekin»

Leyre Carrasco 2026ko urtarrilaren 14a

Maddi Davila Elduaingo kontzeju tabernako kudeatzaile berria. LEYRE CARRASCO

Elduaingo kontzeju tabernak ateak zabaldu berri ditu, eta Maddi Davila nafarra izango da kudeatzeko ardura hartu duena. Herritarrek harrera ona egin diote eta pozik agertu da gaztea.

Ostalaritzan esperientzia zabala izan arren, erronka handia hartu du oraingoan Maddi Davila Marquezek (Eratsun, Nafarroa, 2002); hemendik aurrera Elduaingo kontzeju tabernako arduraduna izango da. Lanerako gogoa erakutsi du, eta herritarrak asetzeko prest dago.

Nolatan hartu duzu ostatua kudeatzeko ardura?

Lokala beti itxita ikusten nuen eta pena handia ematen zidan horrek. Duela bi urte inguru lokala alokatzea pentsatzen hasi nintzen, eta azkenean horretara animatu naiz. Esperientzia dudala esan daiteke, orain arte ostalaritza munduan egin baitut lana, baina egia da oraingo hau erronka handiagoa dela. 

Abenduan egin zenuten inaugurazioa. Zer moduz?

Abenduaren 12an zabaldu genuen eta oso harrera ona izan zuen. Pintxo-pote antzeko bat egin genuen eta jende asko etorri zen. Geroztik jende asko etortzen da trago bat hartu edo mokadu bat jatera. Herritarrek gustura hartu dute tabernaren irekiera eta gu oso pozik gaude horrekin. 

Zer eskaintzen duzue?

Karta moduko bat dugu, non egunero bazkariak eta afariak ematen ditugun, eta karta horretan, besteak beste, plater konbinatuak, ogitartekoak eta hanburgesak daude, baina denetariko pintxoak ere egiten ditugu. Menuak ere eskaintzen ditugu, baina horiek enkarguz eskatu behar dira. Horretarako bezeroek bi menu mota izaten dituzte aukeran, eta horien artean gehien gustatzen zaiena aukeratu behar dute. Etxera eramateko aukera ere eskaintzen dugu. Ostiraletan, gainera, pintxo-potea egiten dugu, 19:00etatik aurrera. 

Lantaldea osatuta duzue?

Oraindik guztiz ez; momentuz bi pertsona bakarrik gabiltza lanean; sukaldaria eta biok. Hala ere, laster pertsona gehiago kontratatzeko asmoa dugu, batez ere asteburuetarako, lan asko izaten baitugu.

Espazioari dagokionez, zer iruditzen zaizu?

Dezente handia da eta horrek asko laguntzen du. Eguraldi hobea egiten hasten duenean terraza irekitzeko asmoa dugu.

Zein ordutegi izango duzue?

Astelehenetik ostegunera 10:00etatik 22:00etara zabalduko dugu, baina astearteetan itxita izango dugu. Ostiraletan, 10:00etatik 00:00etara egongo da zabalik, eta larunbat eta igandeetan 11:00etatik 00:00etara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!