Etxebizitzak Saretzen

Elduain biziberritzeko bidean

Ataria 2024ko aza. 7a, 11:51

Ertotxe eraikinaren lehen fasearekin abiatu dira; galdetegietan ateratako ideiak proiektu bihurtuko dituzte, herritarrei aurkeztuz eta gustukoenaren alde bozkatu dezaten.

Urteak dira Elduainen ez direla etxebizitzarik egiten. «Sustapen pribatukoak bai, baina promozio publikokoak ez», azpimarratu dute Oihana Amundarain alkateak eta Olaia Garaioa zinegotziak. 2018an berritu zen Elduaingo Hiri Antolamendurako Plan Orokorra, eta bertan Ertotxe eraikinean sei etxebizitza egiteko asmoa azaldu zuen udalak; arrakasta handirik gabe ordea. «Eraikin zaharra da eta bertan egin behar zen obra handia, beraz, etxebizitzak garestiegiak ziren», azaldu du alkateak.

Irizpide nagusia herritar berriak erakartzea da, beti ere Elduaingo errealitatea aldatu gabe. Bide horretan, bigarren saiakera bat egin zuen udalak. «Udalaren esku dagoen herriko beste eraikin baten erdia ere badugu, eta bertan etxebizitzak egiteko ideia izan genuen, simulazioa egin genuen eta zenbakiak ere mahai gainean jarri genituen. Hala ere, ez ziren guk nahi genituen zifrak atera, oso garestiak ateratzen zirelako eta, azkenean, hori ere bere horretan geratu zen», kontatu du.

Promozio publikoko etxebizitzak egiteko proiektua aurrera ateratzea «zaila» dela gaineratu du Garaioak. «Gipuzkoako Foru Aldundia organismo bat denez, haien bitartez bideratu nahi genuen, baina ezin izan genituen etxebizitzak prezio onean eraiki. Horregatik, Ertotxe eraikinaren kasuan, parte hartze prozesua abiatzea erabaki genuen, eraikina herriaren zerbitzura jarriz».

ERTOTXE ERAIKINAREN LEHEN FASEA MARTXAN

Hain justu, irailean abiatu zuten Ertotxe eraikineko parte hartze prozesua. Horretarako, lehenik, bisita gidatuak antolatu zituen udalak, eraikina ezagutzen ez zuten herritarrek hori gertutik ikusi zezaten. Orain, lehen fasean murgilduta dabiltza eta herri guztiari zabaldu zaizkion galdetegiak bildu dituzte dagoeneko. Denera 60 galdetegi baino gehiago bildu dituztela jakinarazi du alkateak, eta «positiboki» baloratu du herritarren parte hartzea.

Era berean, herritarrak Ertotxe eraikineko parte hartze prozesuarekin «alde» agertu direla ziurtatu du. «Galdetegian parte hartze prozesua ea egokia ikusten zuten galdetu genien eta denen erantzuna baiezkoa izan da, beraz, pozik gaude hartutako erabakiarekin. Azkenean, udalak eraikin bat eskumenean badu herritarren beharrak jakin behar ditu, eta herritarrek hori positiboki baloratu dutela ikusi dugu».

ERREALITATEARI BEGIRA

Etxebizitza arloa denontzat «arazo handia» dela adierazi du zinegotziak, «baina herri txikietan handiagoa da etxebizitzak prezio onean eraikitzea zailagoa delako». Etxeak egiteko aukera badagoela ziurtatu du, baina horiek sustapen pribatukoak dira. «Udalaren aldetik eraikigarri bezala kalifikatuta dauden eremu ugari ditugu Elduainen, baita etxebizitza huts asko ere, baina horiek guztiak pribatuak dira eta udalak ezin du ezer egin».

Pandemia aurretik geldialdi bat egon zela gehitu du alkateak, «baina pandemiaren ostean Elduain bezalako herri txikietara jende asko etortzen hasi zen, eta bertako herritarrak etxeak berritzen hasi ziren. Zenbait momentutan hemen hobeto bizi garela nabaritu dugu, haize gehiago hartzeko aukera dagoelako agian, eta etxeak handiagoak direlako». Horregatik, azken urteetan eskumen pribatukoak diren etxebizitza ugari eraiki eta berritu direla sumatu dute; azkena, esaterako, udara honetan eraiki dute.

Euskal Estatistika Erakundeak (EUSTAT) iaz emandako datuen arabera, 231 herritar bizi dira Elduainen, eta gehiengoa nerabeak dira. «2000. urtean etxebizitza berriak eraiki ziren Elduainen eta haur ugari jaio ziren. Horiek oraindik gazteak dira, baina laster nerabe horiek etxe bat erosteko ikuspuntua eduki dezakete eta herrian geratzeko aukera eskaini nahi diegu», esan du alkateak.

Hortaz, Elduainen etxebizitza arloko epe motzeko egitasmorik martxan ez izan arren, Amundarainek ziurtatu du ez dutela aukera burutik kendu eta dauden baliabide guztiak aztertzen jarraituko dituztela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!