Errefusa botatzeko giltza bidezko ontzi txikiak jarriko dituzte herrian zehar

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 11a, 18:00

Elduaingo Udalak herriko hondakinen kudeaketan aldaketak egin ditu; aurrerantzean, herrian zehar jarriko diztuzten ontzi txikietan bilduko dute errefusa eta horretarako, herritarrek gitza jaso beharko dute udaletxean, bihar eta etzi artean. 

Orain gutxi jarri dute hondakin organikoa kudeatzeko konpostagailu berria aparkalekuan. Horrekin batera, Corenso Tolosana fabrikaren aurrean dagoen errefusa ontzia ere aparkalekura eramatea aurreikusi zuen udalak, baina azaldu duenez, lekualdaketa bertan behera geratu da, "hainbat arrazoi tekniko" direla medio. "Gainera, aurkeztutako erreklamazio baten ondorioz, eta ondorengo txosten teknikoaren arabera, gaur egun aparkalekuan dauden bi hondakin ontziak, paperarena eta ontzi arinena, lekuz aldatzea dagokigu", esan du udalak. 

Horrela, herritar guztien "erosotasuna bermatzeko", herriko hondakinen kudeaketaren inguruan hainbat neurri hartu ditu udalak:

  • Azaroaren 16tik aurrea, herriko hainbat gunetan, errefusa botatzeko ontzi txikiak jarriko dira. Honek bermatuko du, herritar guztiak etxetik asko urrundu gabe, errefusa botatzeko aukera izatea.
  • Herriko hainbat gunetan jarriko diren ontzi txiki hauek giltzarekin irekiko dira, ondorioz, Udalak esandako epean etxe bakoitzak bere guneko ontzia ireki ahal izateko, giltza jaso beharko du udaletxetik.
  • Astean behin ontziak ikuskatuko dira, barrutik eta kanpotik. Zer nolako hondakina bota den edota zarraila egoera onean dagoen ikusteko.
  • Corenso aurreko errefusa ontzi handia itxita egongo da, beraz, inork ezingo du bertara ezer bota.
  • Hautsitako sarrailen konponketa  guneari dagokien etxeei kobratuko die Udalak.
  • Ontzietan behar ez den hondakina aurkitzen bada, dagokien etxeei egoeraren berri emango die udalak. Hala eta guztiz ere, egoera ez bada aldatzen, zaborbilketa zerbitzuaren tasan indarrean dagoen hobaria kenduko da dagokion etxeetan (%56).
  • Egun herriko aparkalekuan dauden hondakin ontziak (papera eta ontzi arinak) herri sarrerako autobus geltokira eramango dira. Aldi berean, beira botatzeko ontzia ere kenduko da leku beretik, beraz, ordutik aurrera, beira botatzeko Corensora edo frontoi atzera joan beharko da.
  • Ontzi arinak eta papera jasotzeko gainontzeko ontzi handiak dauden tokian geratuko dira, hau da, Corenso aurrean eta Benta Berri ondoan. Bertara, dagokion hondakina bakarrik bota behar dela gogorarazi du udalak.

Errefusa botatzeko ontzi txikien giltza, azaroaren 12 edo 13an, ostegunean edo ostiralean jaso beharko da udaletxean bertan. Ostegunean 08:00etatik 14:00etara bitartean, eta ostiralean, 08:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!