Hondakin organikoa botatzeko konpostagailu berria jarri dute Elduainen

Ataria 2020ko azaroaren 2a

Etxeko konpostagailuan desegin ezin den hondakin organikoa botatzeko konpostagailua jarri du Elduaingo Udalak herriko aparkalekuan.

Herriko etxe bakoitzean bertan sortzen den hondakin organikoa kudeatu ahal izateko konpostagailuak daude, baina konpostagailu horietan organiko guztia ez da desegiten (hezurrak, arrautz-azalak…), eta etxe askotan arazoa sortzen du horrek. Irtenbide bat aurkitu nahian, Elduaingo Udalak bi konpostagailu berri jarriko ditu herriko aparkalekuan; lehenengoa jada erabilgarri dago.

Etxean hezurrak eta bestelakoak aprobetxatuko dituen animaliarik ez daukanak, edo nahi duenak, ontzi horiek erabiltzeko aukera izango du. Udalak kontuan izateko eskatu du, etxeko konpostagailuan desegiten ez den organikoa bakarrik bota behar dela. Ondoren, udala bera arduratuko da, barruko hondakinarekin nahasketa egin eta konposta ateratzeaz.

Bide batez, Corenso Tolosana fabrikaren aurrean dagoen errefusa ontzia ere aparkalekura eraman dutela jakinarazi dute.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!