Ondarea berreskuratzeko beste urrats bat

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko ira. 30a, 13:50

Elduaingo Udalak eta Burdina Taldeak Goikoetxe karobia piztu dute gaur. Bihar bitarte egongo dira bertan, eta eguerdia aldera ikusi ahal izango da nola ateratzen den karea.

Herritarrak bildu dira gaur, jai giroan, Goikoetxe karobiaren inguruan. Udalaren eta Burdina Taldearen urteetako harremanaren ondorio da gaurko ekitaldi berezia. Izan ere, urteak dira elkarlanean ari direla herriko kultur ondarea berreskuratzeko. Gaurkoan 2009tik berreskuratzen aritu diren karobia piztu dute, berreskuratu dituzten bost karobitatik bakarra, eta bertsoak eta musika izan dira girotzen joateko.

Goikoetxe karobia frantses estilokoa da Joxe Ramon Berrondo Burdina taldeko kideak azaldu duenez. “Karobia guztiz kargatu dugu, goitik. Lan asko da, pentsa 10 tona egur behar dira tona bat harri berotu eta kiskaltzeko. Garai batean edozein lanetan erabiltzen zen karea eta oso ohikoak ziren. Baserri askok zuten karobia eta pizten zirenean jende asko biltzen zen karobiaren inguruan. 100 pertsona biltzen ziren karobiaren inguruan lan etengabea egin behar baitzen: harria atera, karobira eraman, egurra eraman, karobia etengabe hornitu...”, azaldu du.

Bihar eguerdirako karea nola ateratzen den ikusi ahal izango da. “Aterako dena ez da kare-hautsa izango. Harria bera da aterako dena, eta kare bizi hori mailuarekin txikituta aterako da kare-hautsa”, esan du.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!