Elduaingo Udalaren apustua ondarea berreskuratzeko

Jon Miranda Labaien 2015ko ira. 11a, 11:49

Bost karobi, errota bat eta Leitzaranen burdinola bat berreskuratu dira

Zazpi urtetan luzatu da Burdina taldearen eta Elduaingo Udalaren arteko elkarlana. Urte hauetan guztietan, sei elementu berreskuratu dituzte herrian. Horien artean daude Allani, Goikoetxea, Kamioetxe, Gorrane eta Salesko karobiak. Azken horren atarian egin dute ondarea berreskuratzeko lanen aurkezpena. Jose Angel Urkizu alkateak nabarmendu duenez, «herrian galduta daude elementu hauetako asko, baino horietako batzuk berreskuratu eta balioa eman nahi diegu».

Herrian dauden karobiekin batera, Salesko errota ere berreskuratzen ari dira fase ezberdinetan. Elduaingo lurrak, Leitzaran bailararaino luzatzen dira eta han ere beste karobi bat eta Olloki izeneko burdinola moldatu dute Burdina taldekoen laguntzaz.

Duela 13 urte, Andoaingo ondarea aztertzeko kontratatu zuten Jaione Iriondo Burdinako kidea. Azterketak iraun zuen sei hilabeteetan hainbat lagunekin egin zuen topo eta abiatutako lanarekin jarraitzeko osatu zuten taldea: «Leitzaranen egin dugu lan gehiena, burdin tokia delako eta asko direlako bertan dauden meategiak. Hain zuzen, horregatik hartu genuen Burdina izena. Gaur egun zabaldua dugu gure esparrua eta Berastegi, Asteasu, Zizurkil, Aduna eta Elduainen ere aritzen gara».

Elduaingo Udalarekin hitzarmena sinatu ondoren hasi ziren lanean Burdina taldeko kideak duela zazpi urte. Xabier Arruti Burdinako kidea da: «85 bat boluntarioz osatutako taldea da gurea eta musu truk aritzen gara ondarea berreskuratzen. Udaletik jasotako laguntza azpiegitura ordaintzeko baliatzen dugu. Eskertzekoa da hemengo udalak egin duen apustua».

Sei bat egun eman dituzte, adibidez, Salesko karobia berreskuratzen eta guztira 35 lagun aritu dira. «Landaretza garbitu, ingurunea txukundu eta karobi zuloan zeuden hondakinak atera genituen aurrena; bigarren fasean, lurrean topatutako harriekin karobia berreraiki genuen». Karobiari itsatsitako txabola ere jaso dute berreskuratze lanekin. «Biltegi bezala erabiltzen zuten karea gordetzeko».

Frantses erako karobia

Salesko errota XIX. mende bukaerakoa dela pentsatzen dute Burdina taldekoek. «1920 ingurura arte martxan egongo zen, seguruena. Pentsatzekoa da, apirila aldera, eguraldi ona hastearekin batera pizten zirela karobiak. Urte osorako behar zuten karea egiteko auzolanean aritzen ziren eta sei bat egunez, gau eta egun piztuta edukitzen zuten».

Artoa Euskal Herrira iristearekin batera hasi ziren ugaritzen gurean karobiak. Lurraren ph-a aldatzeko baliatzen zuten karea, artoaren etorrera ahalbidetuz. Baratzean ez ezik, eraikuntzarako eta desinfekziorako ere erabiltzen zuten karea: «Aurreko mendeko 20. hamarkadan adibidez naparmina izeneko izurritea egon zen eta karea erabili behar izan zuten gaitzari aurre egiteko».

Auzo karobiak ziren Elduainen topatu dituzten gehienak, Arrutik dioenez: «Bizpahiru etxeren artean eraikitzen zituzten eta behar zuten karea egiteaz gainera, soberakinak saldu egiten zituzten. Antzematen da pertsona bakarrak eraikitzen zituela inguruko karobi guztiak, Elduainen topatu ditugunak, adibidez, Andoainen edo Asteasun aurkitutakoekiko diferenteak dira. Badute ukitu propioa».

Salesko karobia frantses erakoa da, baina garai bateko karobi zuloak ere topatu dituzte herrian. «Ondare guzti hau jaso eta epe motzera panelak jarri nahi ditugu azalpen labur batzuk emanez», dio Urkizu alkateak. «Etorkizunean herrira bisitan datozenei ibilbide bat proposatu nahi diegu, errota eta karobien bitartez irudika dezaten nola bizi ziren eta nola ateratzen zuten bizibidea gure aurrekoek».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!