Goikoetxe karobia piztuko dute Elduainen, asteburuan

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko ira. 27a, 12:29

Goiekoetxe baserriko lurretan dagoen karobiaren piztearekin borobilduko dute garai bateko labearen berreskuratzea; Burdina Taldekoak aritu dira bertan lanean.

2009an hasi ziren Burdina Taldeko kideak Elduaingo Udalarekin batera, Goiekoetxe baserriko karobia berreskuratzeko lanetan. «Bertara iristerakoan harri batzuk aurkitu genituen, baina guztia landaretzak jana zegoen», esan du Xabier Arruti elkarteko kideak.

Urte hauetan guztietan Burdina taldekoak egon dira bertan lanean, baina behin karobia berriz ere piztea zegoela ikusita, herritarrak batu dira proiektura. «Mantenuan lagundu dute, egurra eta harriak ekarri dituzte... sua pizteko beharrezkoa den guztia ekarri dute eta elkarlanean ari gara», esan du Arrutik.

Garai batean oso ohikoa zen baserrietan karobi bat edukitzea, baserriak margotzeko eta baratzeetarako batik bat, kareak lurra ongarritzeko oso baliagarria baita. Baina urteekin uzten joan den ohitura bat da. Horregatik da garrantzitsua Elduaingo karobia piztu ahal izateko moduan jarri izana. Larunbatean piztuko dute, 12:00etan, eta bertan herritarrak eta Burdina Taldekoak elkartuko dira. «Larunbatean piztuko dugu eta gerora ikusiko dugu jarraitu edo ez. Honek guztiak badu bere kostua ere eta dena ikusi behar da», gaineratu du. «Lehenengo apaizak bedeinkatuko du karobia eta hor hasiko gara pizten. Bertsolari eta musikariak ere egongo dira. Jai eguna izango da», gehitu du.

Sua piztu eta egurra botatzen joango dira beraz, larunbatetik aurrera, eta ez itzaltzeko igandera bitarte ariko dira horretan. «Etengabe egurra botatzen joan behar da. Igandean karea nola ateratzen den ere ikusi ahal izango da. Eguerdian edo izango da hori ere».

EGURRA ETA KAREHARRIA

Karobi bat martxan jartzeko egurra eta kareharria behar dira, eta baita noski «gizakiaren lana». Goikoetxeako karobian kareharriak besterik ez dira falta; lanerako jendea lotu dute jada, egurra ere han da eta larunbata bitarte iritsiko da kareharria.

Zonalde horretan karobi asko zeuden. «Garai batean ezinbestekoak ziren, 1920. urte inguruan sartu zen porlana, eta orduan hasi zen karobien gainbehera», azaldu du Arrutik.

Burdina Taldeko kideak gogoratu du garai batean apirila inguruan mendi tontorretatik herrixketara begiratuz gero, hauek inguratuz hainbat argi ikusten zirela, ipurtargien antzera, «horiek ziren karobiak, martxan jartzen ziren orduan».

Ez da Burdinak Elduainen egindako lan bakarra, Goikoetxeakoaz gain, beste lau karobi berreskuratu dituzte, eta baita Errotazar errota ere. Goikoetxeakoa da piztuko duten karobi bakarra.

 

ONDAREA

Bost karobi. Allani, Goikoetxea, Kamioetxe, Gorrane eta Sales. Goikoetxea karobia frantziar estilokoa da.

Errota bat. Salesko bailaran dagoen Errotazar. Aipagarriak diren bi ezaugarri ditu; bi arkupe dituela eta errota oso altua dela, lau metro inguru ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!