ERREPORTAJEA

Landaguneko fabrika

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko ots. 5a, 07:57
60. hamarkadan Ontzi Fabrikari ateratako argazkia. MILA URDAPILLETA

Ontzi Fabrika izan zuten 1933tik 1968ra bitartean, Bidanian. Muñoa Pagadizabal anaiek sortu zuten, batik bat, herriko baserritar gazteei eta baita emakumeei ere, herrian lan egiteko aukera eskaintzeko.

Bidania-Goiazko Udalak herriaren historia bildu nahi izan du, herritarren testigantzak jasoz. Liburua eta dokumentala osatu dituzte, eta Bidaniako Ontzi Fabrikari tiraka osatu dute 1933tik 1968ra bitarteko historia. Garai horretan Bidania eta Goiatz bi herri ziren. XX. mendean jazo ziren gertaera historiko desberdinen lekuko zuzena izan zen Bidania Ontzi Fabrika. Iban Urdapilleta eta Josu Eskibel herritarrak buru-belarri aritu dira liburua eta dokumentala egin ahal izateko lanean. Testigantza ugari jaso dituzte, eta herritarren parte hartzea lortu dute. Alboan izan dituzte Edurne Agirrezabala historialari zizurkildarra, eta Sendoa Lusarreta argiztapen, grabazio eta edizio teknikaria.

Baina nondik edo nolatan agertzen da Ontzi Fabrika bat Bidanian? XIX. mendean, beste hainbat euskaldunek bezala Argentinara migratu behar izan zuten, eta horietako bat Markos Antonio Muñoa Iraola bidaniarra izan zen. Argentinan lanean aritu eta aberastuta egin zuen Euskal Herrirako bidea. Jaioterrira itzultzean inbertitzen ahalegindu zen. Donostiako Alde Zaharrean egon zen bizitzen, baina herriarekiko lotura ez zuen inongo momentutan galdu.

Adinean izugarrizko aldea bazuten ere, Bidaniako Manuela Josefa Pagadizabalekin ezkondu zen Muñoa. Pagadizabal irakasle ikasketak egin ahal izateko diru laguntza eske joan zitzaion, eta Muñoak berarekin ezkontzeko gonbita egin zion, eta onartu egin zion.

 

Eskola bukatu eta 14-16 urterekin Bidaniako neska gazte askok egin zuen lan Ontzi Fabrikan


Donostiara joan ziren bizitzera, eta bi seme izan zituzten: Juan eta Migel. Bi seme horiek izango ziren gero, amaren laguntzarekin, Bidania-Goiatzen hainbeste aldaketa egingo zituztenak. Behin Pagadizabal alargun geratu zenean, beste eraikuntza batzuen artean, eliza, udaletxea edota Muñoa jauregia egin zituen herrian. Juan eta Migel Muñoa Pagadizabal anaiek, gerora ere, bai Bidanian eta baita Donostian ere beste hainbeste aktibitate egin zituzten. Horien artean, XX. mende hasieran, Alkartasuna sindikatua, Lecherias fundazioa,... moduko elkarteak sortu zituzten. Hizkuntza arloan ere asko mugitu ziren anaiak. Donostian, esaterako, hezkuntza munduan nahikoa aurreratuak izan ziren, eta biek eskola pribatuak eraiki zituzten Donostiako gazteei hezkuntza eskaintzeko. Juanen kasuan musika arloko eskola bat ere sortu zuen, eta Migelek, aldiz, euskararekiko zuen maitasuna tarteko, Alde Zaharrean lehen ikastolak sortu zituen.

Herritarrei eta gizarteari laguntzeko hainbat jarduera egin zituzten bi anaiek, eta Bidanian, landa eremuan laguntzeko eraiki zuten Ontzi Fabrika. Beraien aitaren kasuan bezala, landa guneetan, kasu askotan, bizimodua bilatzera kanpora joan behar izaten zuten. Hori horrela, herrian bertan industria txiki bat jartzea erabaki zuten, bertako bizilagunek baserritik kanpo beste bizimodu bat izan zezaten. Alfareria Guipuzcoana sortu zuten 1933. urtean beraien jabetzakoa zuten Muñaberriko soroan.


1950ko hamarkadan, Bidaniako Ontzi Fabrikan emakumeak lanean. ALVAREZ, M: EUSKAL LOZAK ETA PORTZELANAK: XVIII-XX MENDEAN.

Ez da kasualitatez sortzen Ontzi Fabrika. Bidaniako geologiak badu berezitasun bat, eta lurzoruak buztin berezia du. Ezaugarri geologiko naturala aprobetxatu zuten lehen buztinezko fabrika martxan jartzeko. Herritarrei lana emateaz gain, euskal kulturari ere bultzada bat eman nahi izan zioten. Arrue moduko margolariek euskal motibo tradizional horiek berreskuratu nahi izan zituzten, eta Alfareria Guipuzcoanan joera horri jarraituz euskal motibo horiek jarraitzen ahalegindu ziren. Horretarako Dionisio Azkue margolari eta idazlea eraman zuten fabrikara. Dunixi ezizenez zen ezaguna, eta joera horri jarraitzen lagundu zioten, eta baita prestigioa ematen ere.

Jorge Oteiza berari ere deitu zioten ea parte hartu nahi ote zuen. Kasu honetan, ordea, piezak eginak zeuden eta banan-banan pintatu beharrekoak zirenez, Oteizari ez zitzaion gehiegi gustatu. Berak sortze prozesu osoa nahi zuen jorratu, baina bere ibilbidean mugarri bat izan zen Bidaniakoa.

36ko gerrarekin, itxiera

1936an bukatu zen Alfareria Guipuzcoanaren ibilbidea. 36ko gerran, tropa matxinatuak irailaren 19an Bidaniara iritsi zirenean fabrika itxi egin behar izan zuten. Muñoatarrek herritarrekiko maitasuna zuten, eta euskaltzaleak ere baziren, eta gerra garaian hori leporatu zieten. Zigortuak izan ziren. Donostiako Kursaaleko kartzelan egon ziren preso bi anaiak. Baina, familia tarteko erabiliz, —Frantzian ez zuten seniderik—Frantziara erbesteratzea lortu zuten. Hori ez zuen edozeinek lortzen, eta kontuan hartu beharrekoa da; garai hartan ere guztiek ez zituzten pribilegio horiek.



Gerozko urteak Frantzian pasa zituzten, eta bitartean Ontzi Fabrika itxita egon zen. Gipuzkoako Comision Provincial de Incautacion de Bienes erakundearen esku geratu zen fabrika, baina ez fabrika bakarrik, hurrengo urteak ere korapilatsuak izan ziren Muñoa familiarentzat, eta Bidanian zituzten jabetza guztiak erakunde horren eskuetan geratu zitzaizkien.

1941. urtean, berriz ere, Ontzi Fabrika martxan jarriko da. Kasu honetan, muñoatar familia atzerrian egongo da, baina Vicente Muñoa Loinazek hartuko du gidaritza. Vicente Muñoa ez zen muñoatarren familiako kide zuzena, baizik eta, bizilaguna. Ontzi Fabrikaren lehen urteetan bertan lan egin zuen Vicente Muñoak, eta bazuen esperientzia.

Testuinguru ekonomiko oso gogorrean hasi ziren lanean. Gerra osteko urteak ziren, eta luxuzko industria bat martxan jartzeko ez zen garairik onena, baina Vicente Muñoa eta bere langileek 1950. urtera arte irautea lortu zuten. Egiten zituzten piezei dagokionean lehen urteen jarraipena zen. Buztinezkoak ziren oraindik, eta besteak beste, irudi erlijiosoz marraztuak.



Juan eta Migel Muñoaren familiek atzerrian jarraitzen zuten. Ondasun pila bat zituzten desjabetuta, eta prozesu judizial batzuen ondoren, 50. hamarkadan lortu zuten jabetza batzuk berreskuratzea. Horiek negozio bihurtu nahi izan zituzten, eta horietako bat izango zen Ontzi Fabrika.

Buztinetik portzelanara

Buztinezko produkzioa atzean utzi, eta jada portzelanarekin hasiko dira. Horretarako Porcelanas Bidasoa hartu zuten eredu moduan. Fabrica de Porcelanas Vidania jarri zioten izena, eta produkzio berriarekin hasteko Frantziako Limogestik tekniko bereziak ekarri zituzten. Portzelanaren produkzioan Limoges punta-puntako industria zen. Lehendabizi labea egin zuten, eta haren inguruan eraikina. Portzelana zeramiketan dagoen produkturik garestiena da, eta egiten zailena.

1950ean hasi eta 1953 bitartean aritu ziren lanean. Langileekin arazoak izan zituzten gizarte segurantza ez zitzaielako ordaintzen, eta prozesu judizialak eta arazo ekonomikoak tarteko, 1955ean itxi egin zen fabrika. Kalitate oso altuko portzelana ekoizten zuten.

Aldi berean, Muñoa familiak Iparraldean Elkar izeneko enpresa bat ireki zuen errefuxiatuei lana emateko, eta hori ere gaizki atera zitzaien. Muñoatarren inbertsio ekonomikoak bata bestearen atzetik joan ziren, Ontzi Fabrika barne. Enkantean atera ziren jabetza batzuk, baina kasu honetan Ontzi Fabrika Isidoro Moreno eta Rosario Colto madrlldarrek erosi zuten. Itxita egon zen fabrika denboraldi horretan.

Ontzi Fabrikaren ibilbidea bukatua zegoela ematen zuenean, ordea, Morenok eta Coltok Juan Francisco Puenteri saldu zioten, eta honek martxan jarri zuen fabrika. Puentek, aurretik, Muñoatarrena zen etxea erosia zuen, eta Bidanian jabetza batzuk erosiak zituenez, Moreno abokatua fabrika eskaintzera etorri zitzaion Bidaniara.



Ontzi Fabrikaren azken etapa Puentek jarri zuen martxan: Pocelanas de Vidania. Hasieran inbertsio oso handiak egin behar izan zituen, hamar urtez itxita egon zelako, baina oso etapa laburra izan zuen fabrikak, 1966an ireki eta 1968an itxi zituen ateak, behin betiko.

Herriko langileak eta emakumeak

Fabrikak ateak ireki zituen bakoitzean herriko langileak izan zituen. Gazteak ziren guztiak, eta baserritarrak; eta tartean emakume asko. Neska gazte askok egin zuen lana bertan. Normalean, eskola bukatu eta 14-16 urterekin hasten ziren lanean. Bidaniak bazuen berezitasuna, ordea, eta askok lehendabiziko lana Ontzi Fabrikan izan zuten. Normalean neskametzara joaten ziren, eta bidaniarrek bi aukera izan zituzten: neskame joan edo Ontzi Fabrikan hasi.

Emakumeek normaltzat ikusten zuten Ontzi Fabrikara lanera joatea. Eskolan ere, besteak beste, pintatzen ikasten zuten. Fabrikan ere hori zuten lanetako bat, pintatzea. Asko baloratzen zen emakumeek egiten zuten lana. Ateratzen zuten azken pieza emakumeek egindako lanarengatik izaten zen. Libre uzten zieten pintatzen, ez zieten agintzen zer eta nola pintatu. Ez zuten jarraitu beharreko modelo bat. Askatasuna zuten, eta beraien sormena baliatzen zuten.

Garai hartan emakumeentzat «aproposak» ziren lanak ematen zitzaizkien; generoen arabera oso banatuta egoten ziren lanpostuak.

Labea, bakarrenetakoa

Penintsularen iparraldeko labe bakarrenetako bat da. Oso berezia da. 50. hamarkadan eraikia izan zen, Limogeseko tradiziotik ekarria. XX. mende hasieran hasi ziren eraikitzen Limogesen. Botila forma dute labe horiek; beheko solairuan buztinaren lehen erretzea egiten zen, eta labearen goiko aldean jada piezak beiratutakoan. Bi erretzeak normalean aparte joaten ziren, tenperatura ezberdina behar zutelako. XX. mende hasieran labe batean bi piezak bateratzea lortu zuten, lanerako denbora eta dirua aurreztuz.

Labe mota hau Limogesen XX. mende hasiera egiten hasi baziren ere, 50. hamarkada arte iraun zuen. Bidania salbuespena da, hain justu, hamarkada horren amaieran eraiki baitzen. Ikatzez hornitzen zen labea, eta ia 48 ordu martxan egoten zen; denbora guztian ikatza eman eta eman, mila eta hirurehun bat graduan mantendu ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!