Ondorengoentzat historia zati bat

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko ots. 5a, 07:58
'Bidaniako Ontzi Fabrika' dokumentalaren grabazio bat. BIDANIA-GOIAZKO UDALA

Liburu eta dokumental bidez jaso du Bidania-Goiazko Udalak Ontzi Fabrikaren bueltako historia, eta gaur emango ditu ezagutzera herritarren aurrean.

Bidania-Goiazko Udala aurreko legegintzalditik hasia zen herriko historia arakatu nahian. «Zerbait egin nahi genuen, baina ez genekien zerekin hasi», kontatu du Agurtzane Zelaia alkateak. Legealdi honetan, ordea, gaia serio hartu zuten, eta herriko historia jasotzen hasteko eseri ziren.

«Bueltak ematen hasi ginen, eta egia esan oso azkar erabaki genuen. Ontzi Fabrikako kontua atera zen. Ia erorita dagoen eraikina da», dio Zelaiak. Herriari erabat lotutako fabrika izan zen. «Adinekoak doazen neurrian testigantzak galtzen ari gara», azpimarratu du alkateak.

Jakitun ziren ontzi fabrikaren gaineko unibertsitateko graduondokoa egina zuen neska bat bazela, Edurne Agirrezabala, eta mezu elektroniko bidez jarri ziren berarekin harremanetan.

Bidaniako Ontzi Fabrikaren historia jasotzen duen liburua eta dokumentala egin ditu udalak. Zelaiak argi utzi du udalak bakarrik ezingo zuela egin, eta eskertua agertu da lan horretan aritu diren guztiekin.

 
Herritarren parte hartzea handia izan dela adierazi du, «jo ditugun ate guztietan prest agertu dira», dio. «Gustura gaude», gaineratu du. Herriko langileez gain, jabe ezberdinak ere izan ditu fabrikak, eta guztien parte hartzea lortuta «oso pozik» agertu da Zelaia. Testigantza mordoa jaso dituzte: «Izugarrizko ilusioarekin gaude, eta oraindik neronek ere ez dut ikusi dokumentala, eta gogo handiarekin nago. Herriko jende asko grabaketetan-eta egon da, eta ilusioarekin gaude».

Herriari eta herriaren historiari begira lan baliotsua egin dutelakoan da herriko alkatea. Historia jasotzean testigantza garrantzitsuak jaso dituzte: «Guk espero genuen baino hanka gehiago batzen ditu, eta gure herriak duen historiaren zati bat hor jasota geratuko da».

Aurkikuntza politak ere egin dituztela esan du Zelaiak, eta esaterako, gogora ekarri du Bidania-Goiatz moduko herri txiki batean, emakumeak baserritik enpresara atera zirela lanera.

Eliza baliatuko dute aurkezpena egiteko, gaur, 17:30ean. Agur hitz batzuk egin ostean, dokumentala ikusteko aukera izango da. Ia ordu eta erdiko iraupena izango du, eta herritarrak gerturatzea espero dute. Aurkezpen ekitaldira joaten diren guztiei liburua eta dokumentala banatuko dizkiete, doan. Eta aurkezpenera joaten ez direnek udaletxean jasotzeko aukera izango dute. «Herriko etxe guztietan ale bana egotea behintzat gustatuko litzaiguke, ondorengoei ere erakutsi ahal izateko».

Guzti hau egin ahal izateko Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza jaso du Bidania-Goiazko Udalak, eta gainerakoa udalak berak jarri du.

Bukatzeko, Zelaiak bereziki eskerrak eman nahi izan dizkie Iban Urdapilleta eta Josu Eskibeli egin duten «lan guztiagatik», eta baita Edurne Agirrezabalari ere, «asko ikasi dugulako berarekin, guk ideiarik ez geneukanean».

 

AURKEZPENA

Gaur, OTSAILAK 5

17:30. Bidaniako Ontzi Fabrika liburuaren eta dokumentalaren aurkezpena, elizan, herritarrentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!