ELKARRIZKETA

«Herritarrei balioa eman nahi genien, eta beraien esperientziak jaso»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko ots. 5a, 07:59
Iban Urdapilleta eta Edurne Agirrezabala. E. MAIZ

Bidaniako Ontzi Fabrika liburua eta dokumentala argitaratu ditu Bidania-Goiazko Udalak, eta 2019az geroztik lan horretan aritu dira Edurne Agirrezabala historialari zizurkildarra eta Iban Urdapilleta herritarra.

2019. urtean hasi ziren elkartu eta proiektuari forma ematen, beste batzuen artean, Iban Urdapilleta herritarra eta Edurne Agirrezabala historialaria. Pandemia tarteko atzeratu egin zitzaien lana. 2020ko irailean hasi ziren berriz lanean, eta duela gutxi arte aritu dira.

Iban, zergatik aukeratu zenuten Ontzi Fabrika?

Iban Urdapilleta. Herritar bezala betidanik ezagutu dugu fabrika hori hor abandonatuta, eta erdi erorita. Umetan joateko ohitura bagenuen, eta barruan baziren pieza ezberdinak... Ez genekien, ordea, gauza handirik. Hautsontziak, gatzontziak,... ikusten genituen, baina historia guzti hau zegoenik ez nekien. Ez dakit nola, Edurneren lana topatu genuen Interneten. Egia da herriaren historiarekin zerbait egin nahi genuela, eta Edurneren lana ikustera iritsi ginen. Horri tiraka hasi eta berarekin kontaktuan jarri ginen. Alderdi asko ukitzen zituelako proiektua lantzea erabaki zen; herriko historia da, baina baita Gipuzkoako historia ere, eta Euskal Herrikoa ere bada. Artista ezberdin askok parte hartu dute, pieza bereziak egiten zituzten, eta emakumeek bertan lan egiten zuten. Neska gazteek soldata bat eramaten zuten etxera, eta garai hartarako oso arraroa zen. Puntu interesgarriak zituen, eta hortik tiraka hasi ginen proiektuarekin.

Eta, Edurne, zure kasuan, nola jaso zenuen bidania-goiaztarren gonbita?

Edurne Agirrezabala. Niretzat ametsa izan zen. Historiako ikasketak egin nituen, eta lan hori nire gradu amaierako lana izan zen. Ollerias museoaren laguntzarekin hasi nintzen gai honi buruz ikertzen, eta gradu amaiera egin nuen. Oso gustura geratu nintzen. Eta plazer bat izan da Bidania-Goiazko Udalak nirekin kontatu izana. Ollerias museoko Blanka Gomez de Seguraren bidez jakin nuen Tolosaldean bazela portzelana fabrika bat. Ez nuen sekula entzun, eta buruan izan nuen eta interesa piztu zidan. Baina Bidania-Goiatzera etortzen nintzen, eta ez nuen inon ikusten fabrika.

 

Edurne Agirrezabala: «Plazer bat izan da Bidania-Goiazko Udalak nirekin kontatu izana»




Behin proiektua martxan jartzea erabakita zein izan zen lanerako bidea?

Agirrezabala. Interes ezberdinak genituen, ez Ontzi Fabrika bakarrik, baizik eta gizarte mailan, herriko historia, emakumeen historia, 36ko gerra, frankismoa... arlo ezberdinak daude. Horiek ase nahi genituen. Garbi genuena da dibulgatzailea izan behar zuela. Herritarrentzat den proiektua izan behar zuen eta formatua pentsatu genuen. Liburu batean pentsatu genuen, baina gustura irakurtzeko modukoa behar zuen izan. Herritarrek parte hartzea zenez helburua, dokumentala egitea pentsatu zen herritarren testigantzak jasoz eta proiektatuz. Guk historia idatzi dezakegu, baina interesgarriena beraiek beraien bizipenak kontatzea da, eta horiek ez galtzea.

Urdapilleta. Bertan lan egiten zutenak orain daude kontatzeko moduan. 60-70 urte bitartera dituzte gutxi gorabehera, eta bada 98 urteko emakume bat ere bertan lan egin zuena. Belaunaldi hori orain dago kontatzeko moduan, eta hori aprobetxatu nahi genuen. Historiak erreala izan behar du, eta paper eta dokumentazioetatik atera ditugu, baina beste zati batean herritarrei balioa eman nahi genien, eta beraien esperientziak jasoz osatu. Historia ondo dago, baina norberak bizi duen hori askotan garrantzitsuagoa da bai libururako eta baita dokumentalerako ere.

Informazio guztia bildu eta forma eman behar zaio guztiari. Nolako esperientzia izan da?

Agirrezabala. Askotan testu historikoak irakurri, artxiboetara joan eta guztia modu astun batean idazteko joera dugu. Historialari moduan, niretzat iturri ezberdinak erabiliz, lehendabizi, ahalik eta informazio gehiena bateratu bai, baina erronka edo zailena nola aurkeztu izan da. Modu erakargarri batean aurkeztea zen helburua, interesa pizteko eta beraientzat interesgarri izateko; niretzat erronkarik handiena hori izan da.

Hilabeteetako lana izango zen, ezta?

Urdapilleta. Iturrien azterketa, artxiboen lanketa,... hori guztia Edurnek egin zuen, eta niri dagoeneko dena landuta eta finduta iritsi zitzaidan; beharrezko guztia bananduta zegoen. Asko erraztu zuen lana horrek. Euskal Herria mailako artxiboak eta artxibo pribatuak ere aztertu ditu. Lotura duten zenbait lagunek emandako artxibo pribatuak ere lantzeko aukera izan dugu. Zenbait kasutan horrek ere lagundu digu. Kontuan izan behar dugu gerra egon zela tartean, eta erakunde publikoetan ez daude zenbait artxibo.

Agirrezabala. Herritar bat inplikatuta egonda, beti ere, errazagoa da dokumentu horiek lortzea. Familia batera ni joan, eta 36ko gerrako eta frankismo garaiko dokumentuak eskatzean, lehendabiziko erreakzioa, orokorrean, zertarako behar dituzu edo oztopoak jartzea izaten da. Herritar bat inplikatua dagoela ikusten dutenean, eta gai hauek jorratuko direla, eta elkarrizketa grabatzera animatuko zara esatean, horrekin, uste dut partaidetza zuzenki bultzatu dela.

Urdapilleta. Onartu behar dugu eskatu dugun guztia eman egin digutela. Ezezkorik ez dugu jaso. Bai familien aldetik, eta baita langileen aldetik ere, guztiak animatu dira grabatzera. Alde horretatik eskertu beharrean gaude. Izan dugun erantzuna oso ona izan da.

 

Iban Urdapilleta: «Protagonista bat grabatzera ekartzean harrituta geratzen nintzen zenbat hitz egiten zuten»



Protagonistei eman diezue garrantzia. Espero zenuten hainbesteko materiala jasotzea?

Agirrezabala. Nik ez.

Urdapilleta. Herritar bat edo protagonista bat grabatzera ekartzen genuenean ni harrituta geratzen nintzen zenbat hitz egiten zuten. Bataz beste bakoitzak hiru ordu laurden edo ordu batez hitz egin zuen. Kamera aurrean eserita jarri, bi kamera, bi foku, Edurne aurrean galderak egiten eta beste hiru lagun atzean, eta lasai-lasai hitz egiten zuten. Horrek egia esan harritu egin ninduen. Gehienak beraien bizipenak ziren, alde horretatik, hitz egitea errazagoa da.

Agirrezabala. Baina horiek dira interesgarrienak. Historiari ñabardura ezberdina horrek ematen dio. Anekdota pertsonalek asko aberastu dute lana.

Urdapilleta. Guk garrantzi gehiena horri eman diogu. Bestelako gauzak ere esaten zituzten, baina guk ez diogu bestelako garrantzirik eman, eta ez genuen horretan sartu nahi. Guk argi genuen Ontzi Fabrika zela helburua eta erdigunean zegoena, eta hori landu nahi genuen. Horrek asko lagundu digu egin nahi genuena egiteko eta informazioa lortzeko. Ontzi Fabrika hartuta gaitzat askoz ere errazagoa izan da informazioa lortzea, eta jendeak ematea ere bai.



Konfiantza ematea lortu duzue.

Urdapilleta. Inguruak ere asko lagundu duela esango nuke. Iriarte Jauregia Hotelean grabatu genuen ia guztia. Momentu hartan itxita zegoen, eta aukera eman ziguten. Etortzen zirenentzako luxu bat izan zen. Hotel batean, goxo eseri, toki ona,... lana erraztu zigun. Hotela gurea izan zen momentu horietan, eta luxu bat izan zen bai guretzako grabatzerako orduan, eta baita etortzen zirenentzako ere. Eskertu beharrean gaude.

Agirrezabala. Protagonistak izan dira parte sendoena, baina hainbat teknikari edo aditurekin ere kontatu dugu. Beraien iritzia eta gaiarekiko beraien ikuspuntua ere jaso ditugu, eta beste gorputz bat ematen dio proiektuari.

Urdapilleta. Langileak ziren protagonista, baina baita jabe haien familiakoak ere. Garai haietako jabeak hilda daude, eta haien biloba edo semeek ere parte hartu dute. Guztiak laguntzeko prest agertu dira.

Agirrezabala. Sentsibilitate handiarekin tratatu da, eta ez da inongo momentutan inor seinalatzea izan helburu.

Gaur aurkeztuko diezue herritarrei. Merezi izan du lan guztia egiteak?

Agirrezabala. Lan asko egin dugu, baina merezi izan du. Lortu dugun proiektua polita dela esango nuke. Desberdina da, baina aldi berean aberasgarria.

Urdapilleta. Dudarik gabe merezi izan du. Uste dut lan honekin herriak ere ikusiko duela bere historia nondik datorren, eta ikusi eta irakurtzera animatuko nituzke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!