Bidaniako San Bartolomeak 2017

Bidania izan da nagusi Errezilen aurka

Ataria 2017ko abu. 27a, 20:18

Bidaniak irabazi du Errezilen aurkako desafioa. Herri kirolak egin dituzte ondoren, eta goiaztarrek irabazi dute bidaniarren aurkako lehia.

Kirolaren eta lehiaren txanda izan da Bidaniako San Bartolome jaietako azken egunean. Herriko frontoiaren inguruak jendez bete da 18:00etarako, Bidania eta Errezilen arteko desafio mistoak ikusmina sortzen duen seinale.

Bidaniaren eta Errezilen arteko desafioa egin dute lehenengo. Ergometroan, 2,5 kilometro egin dituzte; Bidaniatik Iñaki Elola aritu da ergometroari tiraka eta Josu Uzkudun Erreziletik. Soka saltoan 100 salto egin dituzte Ane Elolak eta Garazik. Bizikletari eman diote lekukoa gero; Iosu Elola bidaniarra eta Jokin errezildarra aritu dira pedalei ematen. Amaitzeko, frontoi inguruari bost buelta eman dizkiote Eneritz Iraolak eta Izaro Zinkunegik. Iraolak zeharkatu du helmuga lehenengo, eta beraz, Bidaniak irabazi du desafioa. 

Bidaniarren eta goiaztarren arteko herri kirolak egin dituzte ondoren. Aurretik, erakustaldia egin dute aizkolariek eta harri jasotzaileek. Hain zuzen, Jon Irazu eta Joseba Otaegi aritu dira aizkoran eta Aimar Galarraga, Joseba Ostolaza eta Goiatz eta Uxue Galarraga neskatilak, harri jasotzen. Herri kirolak egin dituzte gero, eta harri jasotzen, aizkoran, trontzan, ingudea, txingak, lokotxak biltzen eta korrika aritu dira eta lau txanda egin behar izan dituzte. Azkenean, goiaztarrek irabazi dute lehia. 

Gauean, Maialen eta Irati trikitilariak arduratuko dira azken gaua alaitzeaz.

Ikusi hemen egitaraua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!