Eskola Txikien Festa. Bidania-Goiatz 2014

Gutuna: Zorionak eta eskerrik asko!

Ataria 2014ko ekainaren 23a

Bidania-Goiazko udal taldeak, zorionik beroenak eman nahi dizkie urtebete luze honetan lanean murgildurik ibili diren orori. Miresgarria da gurea bezalako herri txiki batean, belaunaldi ezberdinetako hainbeste herritar proiektu batean sinetsita lanean buru belarri ibili direla ikustea. Gainera, urtean zehar topatu diren oztopoak gainditzeko gaitasuna izan da eta indar guztiarekin lan izugarria egin da, herriaren eta eskolaren alde.

Bidania-Goiatzen pasa berri da XXVII. Gipuzkoako Eskola Txikien festa, eta herri txiki batentzat festa honen ardura hartzea izugarrizko erronka izan bazen ere,  garbi geratu da ametsak bete daitezkeela herritar eta ingurukoen elkarlan eta laguntzarekin.

Urte gogorra izan da, baina denok oroitzapenean eramango dugu 2014ko ekainaren 8an, herri honek bat egin zuela, helburu komun baten alde lan egin zuela, haurrek egun zoragarri bat pasa zutela eta egun bikain bat atera zela.

Ikusirik azken urteetan, krisia medio, jasaten ari garen egoerak, festa honek eredu izan beharko luke eguneroko beste zenbait arlotan. Lan egiteko indar horrekin, elkartasunarekin, auzolanarekin eta beste zenbait gauzekin, herriaren eta herritarren ametsak gauzatu daitezkeelako.

Beraz, zorionak berriro ere egin duzuen guztiagatik, eta baita, Bidania-Goiazko herria bizi-bizirik dagoela lau haizetara zabaltzeagatik ere!!

Zorionak eta eskerrik asko!

Bidania-Goiazko udal taldea

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!