Eskola Txikien Festa. Bidania-Goiatz 2014

Eskola txikiak festa handia egin du

Ataria 2014ko ekainaren 9a

Bidania-Goiatz jendez lepo egon zen atzo. Gipuzkoako Eskola Txikien Festa zen eta iluntzera arte egon zen zer egina eta zer ikusia herrian. Ataria Irratia ere bertan izan zen eta saioa egin zuen festagunetik 10:00etatik 14:00etara. Jai egun berezi honetako protagonistak izan zituen irratiak bidelagun. Iban Muñoa Txinkorta eskolako guraso elkarteko kidea da eta atzokoak emandakoaren balorazioa egin du.

Urte berezia izan da Bidania-Goiazko herritarrentzat, eta urtea lanean eman duten guztiei eskerrak emanez hasi zuten harrera ekitaldia. "Urte beteko lana besterik ez da hau, jada 27 urteko lana da, eta horiei ere eskerrak eman behar diegu", gaineratu zuten.

Orain 27 urte lanean aritu zirenak ere izan zituzten gogoan. "Eskola txikiak garrantzitsuak dira Bidania-Goiatz bezalako herri txikientzako". Txinkorta eskolako ikasle eta irakasleek txalo zaparrada ere jaso zuten. Eta jai eguneko protagonistak eskolako txikiak zirenez, beraiei ere eman zieten lekukoa eta kantari aritu ziren.

Bazkaltzeko garaia iritsi bitarte kross txikiak, tailerrak, puzgarriak, jolasak izango ziren txikienentzat. Eta arratsaldean Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldi arrakastatsuaren ondotik, jokoak egon ziren eskolan. Egun guztian, gainera, jaiaren 'Biraka!' abestia egin duten Skandalue elektrotxaranga ibili zen herrian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!