«Herri bat bizirik mantentzeko, bertako eskola bizirik mantentzea ezinbestekoa da». Duela 27 urte eskola txikien festaren sortzaileetako bat izan zen Antton Belokiren hitzak dira. Bidaniarra da bera, eta Eskola Txikiak bizirik lelopean egin zen lehen edizio hartan guraso zen. Eskola txikien jaia herrira itzuliko den urtean, berriz, bere bilobak dira ikasle. Hala ere, eskola txikien garrantzia, 1988koaren bera dela dio: «Herri txikien bizkarrezurra dira».
Txinkorta eskola da Bidania-Goiazko bizkarrezur hori. Herrian kokatuta dagoen mendiak ematen dio izena. Bost gelatan banatutako adin ezberdineko 52 haurrek ikasten dute bertan, eta 10 irakaslek egiten dute lan. Adin aniztasuna eta irakasleen ezegonkortasuna dela eta, Gipuzkoako eskola txiki guztien artean Amara Berri sisteman sartuta dagoen eskola bakarra da.
Saioa Urdangarin, zentroko zuzendariaren arabera, aniztasun horri esker txikienek handiengandik ikasten dute, eta horrek «asko aberasten» du hezkuntza. Ikasleak ziklo ezberdinetan banatuta daude adinaren arabera, eta ez dituzte matematika edo euskara bezalako ohiko ikasgaiak jasotzen. «Bizitza errealean, egunero topatzen dituzten kasuen bitartez ikasten dute. Kanpora begirako proiektuetan murgiltzen dira. Adibidez, matematika denda batean edo banketxean egongo balira bezala ikasten dute. Edukiak beste edozein sistematan bezala ikasten dira, baina honela autonomia gehiago dute».
Eskolak herrien bizkarrezur badira, gurasoak eskola horien zutabeetako bat dira. Iban Muñoa, Ernio Guraso Elkarteko kideak ere heziketa sistema hori besteak baino «zainduagoa» dela azaldu du. «Oso heziketa berezia da, gertuagoa eta ingurunearekin lotura zuzena duena. Ikasleak ere herriaren parte sentitzen dira. Eta gu, gurasook, eskolaren parte». Seme-alabak bertara bidaltzearen aukera, «guztiz naturala» dela dio Muñoak.
Ibilbide aldapatsua
Gaur egun, zuzendariaren arabera, eskola egoera «onean» aurkitzen da baliabide, irakasle eta ikasle aldetik. «Eraikina 2001ean eraiki zen eta oso ongi dago. Eskola txikia izateko ere ume kopurua ona da». Dena den, egoera hau ez da beti bizi izan. «Historia irakurriz gero, kontziente zara lan handia egin dela hau lortzeko».
Bidania-Goiatzen eskola sortu zeneko daturik ez dagoen arren, 1924ko dokumentuek garaiko eskola publikoko berrikuntzen berri ematen zuten. Geroztik aldaketa ugari izan ditu. Antton Belokik ondo asko gogoratzen du duela 27 urte eskolak bizi zuen egoera: «Oso zaharra zen. Neguan, esaterako, pertsiana zirrikituetan periodiko paperak jarri behar izaten genituen haizea sartzen zelako. Ordutik hona aldaketa asko izan dira, handiak, eta nire iritziz, onerako dudarik gabe».
Eskola desagertzeko zorian egon zela ere gogora ekarri du Belokik: «Garai batean Hezkuntza Sailak herri handietan bildu nahi izan zituen eskolak. Gaztelun eta Baliarrainen adibidez, lehen bazeuden eta orain ez; Altzon aldi batean ere ez zuten eduki...». Garai hartan haur gutxi zeuden Bidanian, 18 inguru, eta ixtekotan izan ziren. «Azkenean Goiazkoak elkartu eta eskolari eustea lortu genuen».
Lehen festa Bidania-Goiatzen
Honelako egoerak ez errepikatzeko eta eskola txikien garrantzia eta biziraupena aldarrikatzeko egin zen 1988. urtean lehen aldiz, «kostata», eskola txikien aldeko festa. «Ikastolek eta eskola publikoak bazuten euren jaia, eta eskola txikiak kanpoan geratzen ziren». Hori dela eta, irakasleak eta zenbait guraso mugitzen hasi zirela gogora ekarri du Belokik: «Aitor Zeberio zen gure herrian maisu, eta hark proposamen hori egin zuen, eskola txikiek bazutelako zer aldarrikatu. Irakasle onak genituela, eta batez ere, euskara altxor baten gisan gordetzen ziren tokiak zirela. Zaila izan zen festa antolatzea, ez baikenekien zer eta nola egin, baina egin zen».
Festa xumea izan zen duela 27 urtekoa, egungoarekin alderatuta oso ezberdina. Belokik egun hura ere gogoan du: «Eguraldiak lagundu zuen, eta uste baino jende gehiago gerturatu zen. Jendearen inplikazioa ere handia izan zen».
Antolatzaileek inondik inora ez zuten uste horrenbeste urtean errepikatuko zen jai bat izango zela. Mugarri bat izan zen eskola txikientzat Bidania-Goiazko jaialdi hura, izan ere, zentro guztien arteko harremanak sendotze aldera, Eskola Txikietako Guraso Elkarteen Koordinakundea eratu zen 1993. urtean. Siadeco-rekin azterketa bat egin zen jakiteko zehatz-mehatz eskola txikietan zenbat haur, irakasle eta beste zeuden eta horietan nola funtzionatzen zen. Handik aurrera, «egoera asko hobetu» zela dio Belokik. «Indarra hartu zuten eskola txikiek».
Eskola txikien indarra
Gaur egun Gipuzkoan 25 eskola txiki daude, lurraldeko 88 herrien ia heren bat. Tartean, eskualdeko hamaika udalerri daude: Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alkiza, Altzo, Berrobi, Ikaztegieta, Larraul, Lizartza eta Bidania-Goiatz bera.
Urtetik urtera eskola txiki hauen aldarrikapen oihua mantendu da festa honen bitartez. Iban Muñoak herri horietan belaunaldi berriak sortzeko garrantzitsuak direla dio: «Erakargarriagoak suertatzen dira herri handiak, eta belaunaldiak zahartzen joan ahala berririk ez badago, herri txikiak hutsik geratzen dira». Joxe Erramun Goikoetxea alkatea ere bat dator ideia horrekin.
Antton Belokik euskararen biziraupenean ere agente garrantzitsu direla nabarmendu du: «Herri txiki guztietako eskoletako ikasleak batuz, ia 800 ikasle dira. Haur horiek euskara ziurtaturik daukate». Hala ere, LOMCE legeak egoera hau puskatuko ez ote duenaren beldur da Saioa Urdangarin: «Euskarak indarra galduko luke, beste alderdi askoren artean. Eskola txikiak arriskuan egon gaitezke. Kezka baino, beldur gehiago sentitzen dugu».
Muñoak, argi dauka ez dutela eskola txikiek desagertu: «Zer litzateke herri bat eskolarik gabe? 500 lagun garen Bidania-Goiatzen eskolarik ez balego... Herri baten bizitza da!».
o... Herri baten bizitza da!».