Urte honen hasieran 97 udal ziren UEMAko kide, lau udal gehitu ziren martxoan, eta 100 udalen langa sinbolikoa gaindituta, orain arteko bidea gogoratzeko eta udalerri euskaldunen garrantzia nabarmentzeko ekitaldia egin zuen UEMAk Azpeitian. Irailaz geroztik, berriz, beste zenbait udalek egin dute UEMAko kide izateko eskaera, tartean Berrobik, eta horiek aztertuko dituzte batzarkideek larunbat honetan.
Batzar nagusia Orion
Larunbat honetan, UEMAko kide diren udaletako ordezkariek batzar nagusia egingo dute Orion, Arraunetxen, 10:00etatik aurrera. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak 2023an bideratutako egitasmoen balantzea egiteaz gain, 2024rako ildo nagusiak eta ekimenak ere aztergai izango dituzte, beti ere UEMAren ohiko ildoen baitan: udalak ez ezik udalerriak ere euskalduntzea, herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea, eta udalerri euskaldunen zaintza eta garapena.
Horiez gain, udal berriek UEMAko kide izateko egindako eskaerak ere izango dituzte aztergai batzarkideek. Zehazki, Berrobi, Zeanuri, Mendexa, Hondarribia eta Lezoko udalenak dira azken eskaerak. Azkoitiko Udalak, berriz, ostegun honetako udal osoko bilkuraren aztergaien artean du puntu hori. Onartuz gero, larunbatetik aurrera Azkoitia ere UEMAko kide izango litzateke, irailaz geroztik eskaera egin duten beste bost herriekin batera.