Berrobiko Udalak UEMAko kide izatea erabaki du

Tolosaldeko Ataria 2023ko aza. 28a, 19:58

Arratsaldean egin duten udal osoko bilkuran hartu dute erabakia; Tolosaldeko 28 udaletatik 23 izango dira mankomunitateko kide.

Gaur arratsaldean egin duten osoko bilkuran Berrobiko Udalak UEMAko kide izatea erabaki du, Berrobi Bizi herri plataformako 5 ordezkarien aldeko botoekin eta PSE-EEren zinegotziaren aurkako botoarekin. Abenduaren 16an du UEMAk batzar nagusia, eta batzarkideek orduan aztertuko dituzte herri berrien eskaerak. Azken asteotan Mendexak, Hondarribiak eta Berrobik erabaki dute UEMAkoko kide izatea. Berrobi gehituta, Tolosaldeko 28 udaletatik 23 izango dira UEMAko kide.

Datu soziolinguistikoei dagokienez, euskaldunen indizea %87,5 da Berrobin, baina beheranzkoa da joera, beste arnasgune askotan bezala. Euskara lehen hizkuntza duten herritarren ehunekoak hamar puntu egin du behera azken 20 urteotan: %62 da gaur egun. Etxeko erabileraren beheranzkoak ere kezkatzen du udala. Izan ere, 20 urtean 15 puntu egin du behera, eta euskara herritarren %46rentzat da lehen hizkuntza etxean, gaur egun. Aldagai horiek gero eragina dute kaleko erabileran ere. Horregatik, herritarrak kontzientziatzeko eta UEMArekin zein Tolosaldeko beste udalerriekin batera hizkuntza politikan eragiteko asmoz hartu du Berrobiko Udalak UEMAn sartzeko erabakia.

UEMAk abenduaren 16an du egitekoa urte amaierako batzar nagusia Orion, eta orduan aztertuko dituzte herrien eskaera berriak. Eskaerak onartzean, UEMAko kide den 105. udalerria izango da Berrobi.

Nagore Segurola Berrobiko Euskara zinegotzia gustura agertu da gaur hartutako erabakiarekin. Udaleko osoko bilkura amaitzean esan duenez, orain heldu diote UEMAko kide izateko aukerari: «Izan ere, ekainean hartu genuen udalaren gidaritza. Harrigarria iruditzen zitzaidan Berrobi UEMAko kide ez izatea. Egia esan, erronka pertsonal modura hartu dut, oso garbi ikusten bainuen bertan egon behar genuela. Taldekideen babesarekin baiezkoa eman diogu». Behin erabakia hartuta, hasiera batean udal barruko erabilera planari emango diote hasiera, langile guztiekin bilduz eta erabakiaren nondik norakoak azalduz: «Izan ere, hizkuntzaren alorrean gaur egungo funtzionamenduan aldaketak egongo dira, lehen mailan jarriz euskararen erabilera alor desberdinetan, eta baita administrazio desberdinen arteko harremanetan ere».

ELKARRIZKETA

Erabakiaren nondik norakoak azaldu ditu Nagore Segurola Azkonobieta (Usurbil, 1978) euskara zinegotziak. Momentu hau gakoa dela uste du, Berrobi euskararen arnasgunea den arren lehen hizkuntzaren eta etxeko erabileraren datuak beherantz doazelako, eta horrek gero eragina duelako kaleko erabileran ere. Horri aurre egiteko, UEMArekin eta Tolosaldeko gainerako udalekin elkarlanean aritzearen garrantzia nabarmendu du.

UEMAko kide izatea erabaki du Berrobiko Udalak. Zergatik hartu duzue erabakia?

Berrobi herri euskalduna da, eta eskualde euskaldun batean kokatua dago. Tolosaldeko udal gehienak UEMAko kide dira, eta hizkuntzaren inguruan elkarlanean aritzea ezinbestekoa dugu, beste zenbait gaitan egiten dugun modura. UEMAko kide izateko aukerari orain heldu diogu, izan ere ekainean hartu genuen Udalaren gidaritza. Harrigarria iruditzen zitzaidan Berrobi UEMAn ez egotea. Egia esan, erronka pertsonal modura hartu dut, oso garbi ikusten bainuen bertan egon behar genuela. Taldekideen babesarekin baiezkoa eman diogu.

Berrobin euskararen indizea oso altua da: %87,5. Dena dela, arnasgune guztietan bezala, beheranzko joerak kezkatzen du Udala. Horrek ere izan du eraginik Udalaren erabakian?

Bai, noski. Udalerri euskaldun askotan gertatzen ari den galera nabari da Berrobin ere. Honek gure kezka handiagotu egin du. Hauskorrak dira gure herri txikiak, eta hizkuntza politika propioak landu nahi ditugu. Euskara da gure hizkuntza nagusia, eta etorkizunera begira hori sendotu nahi dugu, naturaltasunez ekinez, inertziatik kontzientziara pasatuta. Eta noski, hori guztia UEMArekin eta bertako kide diren beste herriekin batera egin nahi dugu.

UEMAren lana ezagututa, zein da hasiera batean UEMArekin elkarlanean bereziki indartu nahi duzuen arloa?
Lehenik eta behin, udal barruko erabilera planari emango diogu hasiera. Udal langile guztiekin bilduko gara eta nondik norako guztiak azalduko dizkiegu. Izan ere, hizkuntzaren alorrean gaur egungo funtzionamenduan aldaketak egongo dira, lehen mailan jarriz euskararen erabilera alor desberdinetan, eta baita administrazio desberdinen arteko harremanetan ere.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!