Elkarrizketa

«Lurrak ia astero behar du ura, eta hemen badira euririk gabeko asteak»

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko aza. 23a, 11:59

Igone Saldias Uranga berrobitarrak, bere ahizpa Miriamekin batera, Soronea baserrian duten familiako negozioari heldu zion 2019ko abenduan.

Duela 25 urte, Iñaki Uranga osaba baratze ekologikoarekin hasi zen lanean, eta zuzeneko salmentarako denda zabaldu zuen gero Tolosako Korreo kalean. «Eguraldiak eragin handia du nekazaritzan», nabarmendu du.

Nolako eguraldia izaten duzue Berrobin?

Nire osabak bertatik bertara bizi izan du klima aldaketa, bera baita baratzean lanean aritu izan dena. Nik esan dezakedana da Berrobi inoiz ez dela elur tokia izan, nahiz eta beti egin izan duen elurra. baina azken urteetan, geroz eta elur gutxiago egiten du, eta hori nabaritzen da baratzean.

Azken urteetan nabaritu duzue aldaketarik?

Gauza asko ziklikoak dira, eta akaso, klima aldaketa baino ziklo aldaketa izan daiteke. Hala ere, ziur esan dezaket prezipitazioak egiteko modua aldatu dela. Orain garai lehor asko eta euri askoko egun gutxi izaten ditugu.

Nola eragiten du horrek baratzeen kasuan?

Gure lurrak jarraikortasun batekin behar du ura, ia astero, eta hemen badira euririk gabeko asteak. Lehen hori ez zen hainbeste gertatzen. Ondorioz, ureztatze sistema guztiak egokitu behar izaten ditugu; sail guztiak ez daude ureztatze sistemekin prestatuta, inoiz ez dutelako horren beharra izan. Lehen, patata, babarruna edo artoa inoiz ez ziren ureztatu behar izaten, zikloarekin nahikoa zuelako, baina orain beharrezkoa da. Horrek inbertsio handia egitea eta ekoizpen kostuak garestitzea suposatzen du.

Dendako bezeroen artean kezka nabaritu duzue?

Bai, batez ere adinekoen eta herri txikitakoen artean. Askok abereak dituzte, eta belar kopuruan eta kalitatean ere eragina dute tenperatura eta prezipitazio aldaketek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!