Amets Aranberri eta Idoia Nogales azkarrenak XX. Berrobiran

Tolosaldeko Ataria 2023ko ira. 16a, 20:05

Berrobira kroseko podiuma osatu dute gizonezkoetan Amets Aranberrik, Unax Armendarizek eta Josu Goenagak. Emakumezkoetan berriz lehen hiru postuak Idoia Nogales, Itziar Ibarbia eta Laiane Arrospiderentzat izan dira, hurrenez hurren. XX. Berrobiran Mikel Belaunzaran izan dute gogoan.

Krosa minutu bateko isilunearekin eta berrobitarrek pankarta bat eskuan hasi dute: «Berrobira zita berezia izaten da guretzat eta berezia den jendearekin gogoratu nahi izaten dugu». Honela uztailean zendutako Mikel Belaunzaran herritarra omendu nahi izan dute berrobitarrek. Txalo zaparrada batez amaitu da minutu bateko isilunea.

Krosa hogeigarrenez

Ibin Kirol Elkartea arduratu da oraingoan ere Berrobira Krosa antolatzeaz. Aurten gainera, urte borobila ospatu dute, izan ere, gaurkoa hogeigarren edizioa izan da.

Lasterkarien lanari erreparatuta, 17:00etan abiatu dira korrikalariak herriko plazatik, 7,5 kilometroko ibilbidea nor baino nor azkarrago burutu asmoz. Soronea Ammma taldeko Amets Aranberri izan da azkarrena 0.23.52 denborarekin. Bere atzetik Unax Armendariz Alcala sartu da; Tolosa CFko korrikalariak 0.24.38ko denboran gelditu du kronoa. Eta podiuma osatzen hirugarrena, Josu Goenaga Iturbe izan da; Tolosako Triatloi Taldeko kideak 0.25.40ko denbora behar izan du.

Emakumezkoen lanari begira jarriz geroz, Debako Idoia Nogales Alberdik zeharkatu du helmuga azkarren, 0.28.27 denborako marka ezarriz. Bere atzetik, Itziar Ibarbia Urrutia alkizarra izan da, 0.29.23ko denbora ezarri du berak. Eta hirukoa osatzeko, Laiane Arrospide Garmendia izan dute jarraian; Aldin kiroleko tolosarrak 0.30.10ko denbora behar izan du 7,5 kilometroak osatzeko.

Sailkapena

Gizonezkoak

  1. Amets Aranberri Otegui. 0.23.52 Soronea_ammma_k_k. Zestoa
  2. Unax Armendariz Alcala. 0.24.38. Tolosa CF. Ibarra
  3. Josu Goenaga Iturbe. 0.25.40. Tolosako Triatloi Taldea. Tolosa

Emakumezkoak

  1. Idoia Nogales Alberdi. 0.28.27. Independiente. Deba
  2. Itziar Ibarbia Urrutia. 0.29.23. Independiente. Alkiza
  3. Laiane Arrospide Garmendia. 0.30.10. Aldin kirol. Tolosa
Erlazionatuak

Berrobiko harrobia korrikarako prest

Tolosaldeko Ataria 2023 ira 16 Berrobi

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!