Berrobiko San Agustin jaiak 2018

Batzuei paellarako gogoa, besteei bertsoak entzutekoa

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abuztuaren 25a

Berrobiko San Agustin jaietan, bigarren eguna dute gaurkoa. Bazkal orduan, eskolako patioan ospatu den paella jatean elkartu dira herriko zenbait kuadrilla. Beste batzuek, ordea, bertso-bazkariaz gozatu nahi izan dute.

Atzo hasi ziren San Agustin jaiak Berrobin. Gaur, berriz, gozatzeko eguna dute bertan. Batetik, haurrek, mota guztietako jolasetan parte hartzeko aukera dute. Bestetik, gazte zein helduek bazkal orduan bilatu dute aisialdirako unea. Batzuek paella jatean; besteek, Bide-Ona elkartean ospatu den bertsoz lagundutako bazkarian.

Paella bazkarian herritarrak nahiz jada herrian bizi ez diren baino bertan jaiotakoak diren berrobitarrak elkartu dira. Guztiak ere, lagunartean gerturatu dira, eta norberak bere otordua prestatu ondoren, mahaien bueltan 100 bat lagun zeuden. Elkartean, bestalde, bazkideek prestatutako bazkaria dastatu dute, gero, Aitor Mendiluze eta Sebastian Lizasoren bertsoak entzuteko aukera izan dutenek.

Iluntzean, sardina jatea ospatuko da, eta gauean, DJ saioaren ondoren, bakeroen mozorro lehiaketa eta Maite Agirrek zuzendutako Zoom-Zumba saioa izango dituzte. Bihar, berriz, jaiegunarekin batera, herri kirolez nahiz musikaz gozatzeko aukera izango da Berrobin.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!