Berrobiko San Agustin jaiak 2018

Lehertu da festa Berrobin

Imanol Garcia Landa 2018ko abuztuaren 24a

Ekintza Guraso Elkarteak bota du jaiei hasiera eman dien suziria. Festetan parte hartzeko gonbita egin die herritarrei.

Suziria bota aurretik bertsoa abestu dute Ekintzakoek. "Festetan parte hartuz / jar dezagun gogoa / herritarrek egina / hori baita ona", kantatu dute besteak beste udaletxeko balkoira igo diren elkarteko ordezkariek.

Suziria lehertu ondoren, udaletxetik goxokiak bota dituzte eta jarraian atera dira buruhandiak. Plazan eta inguruan korrika ugari egiteko aukera izan dute haurrek. Bost egunez festa giroa izango dute.

Aurtengo txupinazoa ohikoa baino beranduxeago izan da, eta bizikletan irteera egitera joan diren herritarrak bertan izan dira. Hamaika izan dira aurten atera direnak, ohi baino gutxiago. Eguraldiak zerikusia izan duela azaldu dute txirrindulariek. 60 kilometroko itzulia egin dute, Lizartzatik pasa, Azpirotz igo, gero Lekunberritik Uitzi eta Leitza aldera joateko, azkenean Urto igo eta Berastegitik Berrobira iristeko. Badira 37 urte ohitura hori dutela herrian, eta espero dute beste horrenbeste urtetan jarraitzea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!