Albizturren eta Hernialden egin bezala, Berastegin ere Mugi txartelak eskatu eta kargatzeko gunea zabalduko dute. Astelehenetik aurrera egin ahalko dira izapideak. Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako (GGLA) presidente Azahara Dominguezek eman du neurriaren berri, eta Mugi txartelarekin lotutako zerbitzuak herritarrengana hurbiltzearen garrantzia azpimarratu du, bereziki udalerri txikietan bizi diren pertsonengana. Azaldu duenez, «aurrez aurreko arreta gune horiek zabaltzearen helburua da garraio publikoa erabiltzeko aukera erraztea eta erabiltzaileen izapideak sinplifikatzea».
Zerbitzua abiarazi ahal izateko, lankidetza-hitzarmena sinatu dute GGLAk eta Berastegiko Udalak. «Arreta egokia bermatzeko, udal langileek prestakuntza espezifikoa jaso dute, txartel berrien eskaerak zein kargatzeak kudeatu ahal izateko», esan du Dominguezek. Era berean, eskerrak eman dizkio udalari inplikazioagatik, eta arreta eredu hori lurralde osora zabaltzen jarraitzeko beharra azpimarratu du: «Udalerrietan bertan arreta gune berriak jartzeak alferrikako joan-etorriak saihesten laguntzen du, eta herritarrei Mugi txartela kudeatzeko aukera hurbilagoa eta erosoagoa eskaintzen die».