Atzotik Mugi txartel berriak eskatu eta horiek kargatu ahal dira Albizturko udaletxean. Horretarako, udaletako langileek prestakuntza berezia jaso dute. Lurraldean Mugi txartelaren arreta guneen sarea zabaltzen jarraitzeko asmoz itxi dute akordioa. Hilaren 30etik aurrera 18 turismo bulegotan ere egin ahal izango dela aurreratu du Aldundiak.
Azahara Dominguez Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako presidenteak eskerrak eman dizkio Albizturko Udalari herritarren artean garraio publikoaren erabilera sustatzeko hartutako konpromisoagatik, eta azpimarratu du «Mugi sistema herritarrengana hurbiltzeko urrats berria» dela. «Mugik barneratze izugarria du Gipuzkoan. Garraio publikoan egiten diren hamar bidaietatik ia bederatzi txartel horrekin ordaintzen dira. Hala ere, badakigu lanean jarraitu behar dugula sistema herritarrengana hurbiltzeko eta egin beharreko izapideak errazteko. Albizturko Udalarekin dugun lankidetza honek garraio publikoaren sustapenarekin dugun konpromisoa indartzen du, zerbitzu irisgarria, herritarren beharretara egokitua eta askoz hurbilagoa eskainiz, batez ere udalerri txikietan, hemendik aurrera, herritarrek ez baitute beren herritik atera beharrik izango txartela eskatu edo kargatu ahal izateko», azpimarratu du
Azahara Dominguezek txartel pertsonalizatua eskatzera animatu ditu herritarrak, «hori baita abantaila gehien eskaintzen dituena, eta pertsona bakoitzaren egoera ekonomikora hobekien egokitzen dena». Alazne Urkizu Albizturko alkateak esan du udal taldeak garbi daukala, herritarrek ahalik eta zerbitzu gehien herrian bertan edukitzea beharrezkoa dela, «horrelako ekimen guztien alde ariko gara».