Ataria TB

6,90 metro mugitu du harri baldarra Joseba Santxezek

Tolosaldeko Ataria

1,8 tonako harri baldarra 6 metro eta 90 zentimetro mugitu du Joseba Santxezek 30 minutuko denboran.

Baldar Eguna izan dute gaur Berastegin, eta hainbat erronka izan dira, tartean, 1.778 kiloko harri baldarra ahalik eta gehien mugitzea. Bada, Leitzan bizi den Joseba Santxez gasteiztarrak 6 metro eta 90 zentimetro mugitu ahal izan du.

Harri baldarrekin erronka gehiago ere izan dira. Ane Cestau barañaindarrak eta Eider Durana gasteiztarrak 77 eta 88 kiloko harri baldarrekin neurtu dituzte indarrak. Hiru minutuko denboran seina jasoaldi eman dizkiote 77 kilokoari eta 88kilokoari 6 eman dizkio Duranak eta 5 Cestauk. 

Ondoren, Iraitz Arruti Burnitxiki zarauztarra eta Josetxo Urrutia eta Unai Urkiola leitzarrak aritu dira 113 kilokoa jasotzen. Horien kasuan 5 minutuko denbora izan dute. Bada, Burnitxikik 10 jasoaldi egin ditu. Urkiolak 8 eta Urrutiak 6.  

Herritarrek ere probatu ahal izan dute 92 kiloko harri baldarra, jasoaldia eginez gero saria lortzeko aukerarekin, baina ez da inor ausartu. Azkenean, Ane Cestau berak egin du proba, eta bi jasoaldi eman dizkio.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!