Suziria piztu eta Benidormera

Ataria 2026ko otsailaren 7a

Hasi dituzte inauteriak Berastegin. Udaletxeko balkoitik bota dute txupinazoa, eta egun osoan ospatuko dute mozorroen festa.

Txupinazoa bota eta Benidormera egin dute alde herriko adinekoek. Horrela hasi dira inauteriak ospatzen Berastegin, eta egun osoan luzatuko dute mozorroen festa. Suziria lehertu eta karameluak jaurti ondotik, herriko kuadrilla pare batek dantza egin du udaletxearen plazan, eta txalo artean jaso dituzte herritarrek.

Adinekoz mozorrotuta txupinazoa bota dutenek autobusa hartu eta herritik alde egiteko keinua egin dute, eta plazan izan dira bestelako mozorroak ere, horien artean, rock zaleak, Azaburu eraikuntza enpresako kideak, ezkonberriak, apaizak, animaliak eta yogiak.

Segidan bazkari herrikoia izango dute pilotalekuan. Eta arratsaldera begira, berriz, 17:30ean hasiko da kalea girotzen Laskotxaranga; eta, iluntzean, luntxa eta DJa izango dituzte Urepele elkartean.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!