“Gazta on bat egiteko lehenengo ukuilutik hasi behar da”

Baserritik saioko protagonista Jose Inazio Ugartemendia berastegiarra da. Umetako ametsa betetzea lortu du artzaintzatik biziz. 2015. urtean fabrikako lana utzi, eta alokairuan hartu zuen artegia. Gazpio izenez Idiazabal jatorriko gazta ekoizten du, eta gustuko lana du.

Etxean ez zuen baserririk izan, baina aiton-amonen baserrira gustura joaten zen laguntzera Jose Inazio Ugartemendia. Zoriontasunez gogoratzen du ume garaiko aiton-amonen etxeko baserria, eta aitortu du txiki-txikitatik esaten zuela ardiak jarri behar zituela. Egun, ametsa betetzea lortu du Jose Inazio Ugartemendia berastegiarrak.

 

Hala ere, nerabezaroan eraikuntzan hasi zen lanean, eta gero fabrikara pasa zen 20-21 urterekin. Lehen ardiak 22 urterekin erosi zituen, eta lur zati bat ere erosi zuen. Gerora, ukuilua prestatu, lur gehiago erosi, eta 150 bat ardi edukitzera iritsi zen.

 

2013. urtean izan zuen aukera herrian bertan Armuño artegia alokairuan hartzeko. Lehen bi urteetan, artalde txikia zuela eta, artzaintza eta fabrikako lana uztartzen zituen. 2015eko urte bukaeran, ordea, fabrikako lana utzi eta artzaintzari soilik heltzea erabaki zuen. Gorputzak kito esan, eta urtebeteko eszedentzia eman zion enpresak eta “hori hartu eta arriskatu egin nuen”. Bi ume txiki ere bai etxean, eta “ez zen apustu erraza izan, baina gaur hemen gaude”, dio Ugartemendiak.

 

Poztasunez bizi du baserria, eta poztasuna ematen dio baserriak. Ez da damutu hartutako erabakiarekin, eta bete egiten du egiten duen lanak.

 

Ardiez eta gaztez Ugartemendia arduratzen da. Bi egunetik behin egiten ditu gaztak, eta etxekoen laguntza ere izaten du. Gaztandegian mimo askorekin egin behar dela lana azaldu du, eta ardiek ere lan asko eskatzen dutela. “Gazta on bat egiteko lehenengo ukuilutik hasi behar da”, argitu du. Ardiak ere ondo zainduta izatea ezinbestekoa da berastegiarrarentzat. Esnea saldu ere egiten du. Gaztekin sariak lortu ditu, eta ilusioz eta pozez hartzen ditu, baina "sariak lortu arren umiltasunez lanean jarraitu beharra dago, eta gauzak ahalik eta ondoen eginez".

 

Inguruneaz galdetuta, askotan esaten duen zerbait kontatu du: "Berastegin gauden lau nekazariak edo ganaduzaleak bukatzen baldin bagara, herri honetan larra segituan goitik behera jaitsiko da, eta zikinak dena hartuko du". Jendearen ahotan askotan entzun du: “Ze polita dagoen Berastegi", baina gogorarazi du, "horren polita egoteko lan ordu asko eta lan handi bat dago horren atzean”. Gainera, egiten duen lan guztia ez du baloratua dagoenik sentitzen.

 

Gazteak ikusten ditu azoketan erosketak egiten, baina “nik uste aldatu behar asko dugula oraindik”. “Kanpotik datorren merkatu hori gelditu, eta bertako produktuei balore gehiago eman behar litzaiekela uste dut”.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!