Emozioa. Horixe izan du, Berastegiko eskola atarian ospatu den herritarren arteko herri kirol saioak. Pike sanoa nagusitu da partaide guztiek erakutsitako kalitatearen gainetik, eta festa girorik ere ez da falta izan bertan. Hala ere, normala den bezala, guztiek lortu nahi izan dute garaipena, baina horretarako bakarrarentzat zegoen aukera.
Proba desberdinetan aritu behar izan dute herritarrek, eta guztiek ere, gogotik egin dute lan. Lehenengo, arezko zakuak gainean jarri eta lasterka; ondoren, ingudearekin; gero, lokotxak biltzen; eta azkenik, trontzan. Proba desberdinak, eta proba bakoitzerako talde bakoitzak ordezkari bat zuen. Horietako bakoitza amaitu ondoren, puntuak banatu dituzte, eta amaierako sailkapen nagusian, Basapiztik (kamiseta morea) Attonak eta Ney (kamiseta laranja) taldeak izan dira onenak. Bi hauek sailkatu dira finalerako.
Finalean, emozioa erabat gailendu zaio gainontzeko guztiari. Bertaratu direnek ere geroz eta gehiago animatzen zuten, gazteei txalo zarta ederrak eskainiz. Finaleran, erreleboka egin dute lan bi taldeek. Lokotxak biltzetik ingudera, hortik zaku lasterketara, eta azkenik, trontzarekin aritu behar izan dute. Eta hor estu eta larri ziren gauzak. Azkenean, Basapiztik taldea izan da azkarrena, eta beraiek jaso dute saria, Amaia Agirre alkatearen eskutik.
Salontzo festei, behar bezalako jarraipena eman behar zitzaienez, herri afariaren aurreko poteoa girotuko zuen zerbait behar zuten. Horretarako, herriko batukada taldeak izan du ardura, perkusiozko instrumentuekin, herria alaitzearena alegia. Bihar, etxeko txikienen txanda izango da, haurren eguna ospatuko baitute San Lorentzo jaien barruan. Baina, herritarrentzako garrantzitsuak diren egunak asteburuan sartzearekin batera helduko dira. Ikusi hemen aurtengo festetako egitaraua.