Ion Azpiroz Azpiroz (Berastegi, 1980) beti joan izan da Berastegiko San Lorentzo festen hasiera iragartzen duen txupinazora. Aurten, ordea, plazan, hainbeste esperotako unearen zain egon beharrean, bera izango da herritarrei, hastapeneko mezua irakurtzeaz arduratuko dena. Azken urteetan, lesioek eraginda, ez du asko gozatzerik izan eta kosta egin zaio berriz ere sasoian jartzea. Bestalde, lasterkari honek, aitzakia gutxi behar izaten ditu parranda on bat egiteko. Hala ere, aurten, beti bezala festetarako opor egunak eskatu arren, kanpora joateko hautua egin du, abuztu amaieran izango duen lasterketa bat behar bezala prestatu ahal izateko.
Zer moduz zaude ardura honen aurrean? Urduri?
Bai. Gainera, lehenago inoiz pasa ez zaidan zerbait gertatzen ari zait: kalean herritarrek geratu eta zoriondu egiten naute. Irudipena dut, duela gutxira arte ez nuela balioan jartzen pregoilari izatearen kontua, ez behar bezain beste behintzat. Baina orain, zerbait garrantzitsua dela ikusten ari naiz. Kanpoan hemen baino gehiago egoten naizenez, eta orain herriarentzat garrantzitsua den zerbait egingo dudanez, horregatik izan daitekeela pentsatzen dut.
Zuretzat zer suposatzen du pregoia irakurtzeak eta suziria botatzeak?
Oso gauza polita da. Herriarentzat edo herriarengatik egin dugun gauza on edo polit batengatik jasotako aitorpen moduko bat da. Herriarekiko sari bat izango banu bezala sentitzen dut. Azkenean, ikusten da herritarrek guk egiten dugun lana balioan jartzen dutela.
Badakizu zer esango diezun herritarrei? Zerbait prestatu duzu?
Oraindik ez dut ezer prestatu. Atzo goizean, lanean ari nintzela, banekien oraindik bi egun geratzen zitzaizkidala. Hala ere, egun bat geratzen zait, eta ez dut asko pentsatu.
Gutxi gorabeherako bat ere ez?
Egia esango dizut. Festetan, pertsona nahiko mugitua izan naiz beti; denetik pasa zait. Hain parranda zalea izan naiz, anekdotaren bat edo beste kontatzea ere pentsatu dudala, baina ez dakit. Ez dut gehiegi konplikatu nahi ere, eta hortaz, umore ukituko zerbaitekin asmatu nahi dut.
Lehen aipatutako aitortza hau, herriaren izena munduan zehar zabaltzeagatik edo izango da akaso. Harro zaude Berastegiz?
Oso harro nago. Joaten naizen lekura joaten naizela, izan Leitzara edo Parisera, galdetzen didaten bakoitzean, berastegiarra naizela erantzuten diet. Beti. Hala ere, otsailean galdetuz gero, agian ez nintzateke orren harro egongo, euriagatik, batez ere. (Barreak)
Eta herritarrez ere bai?
Bai. Gainera, betidanik izan dugu oso giro ona elkarren artean.
Azken urteetan herria asko aldatu dela uste duzu?
Ez. Asko ez behintzat. Aldatu da, bizimodua aldatu den bezala. Modernizatu egin da herria, eta nahiz eta kopuruz asko ez handitu, orain herritarrengandik iritzi desberdinak entzun ahal daitezkeela iruditzen zait. Herria, oro har, aberastu egin da, bizitzak hala erakutsi diolako. Izan ere, ez nuke esango zuritik beltzera pasa denik. Mila biztanleko herri txikia izaten jarraitzen du, aurrerapauso txikiren bat edo beste eman duena.
Eta festak, aldatu dira?
Ez. Berastegiko festak, partikularki, ez dira aldatu. Nire ustez, herri txiki askotako festa giroa da aldatu dena. Geroz eta jende gutxiago mugitzen dute. Baina, herritarrentzat, festak betikoak dira. Ohitura handia duten ekintzak mantentzen joan dira, betiere, urtero nobedaderen bat sartuz. Horiek sartu eta probatzea, gainera, oso ondo iruditzen zait, herriak hori eskatzen duelako.
Herrikoiak dira, beraz.
Hori da. Gu haurrak ginenean, inguruko herrietako jende ugari etortzen zen hona San Lorentzo jaietan. Guk geuk, ordea, urtetik urtera geroz eta jende gutxiago etorri izan dela ikusi dugu. Argi dago, festa hauek mila lekutara heldu direla, baina, niri orain norbaitek festa onenak nongoak diren galdetuz gero, argi erantzungo nuke: Herrikoak! Azkenean herritarrek herritarrentzat egindakoak dira.
Zuk nola bizi izan dituzu salontzoak orain arte? Gozatzeko astirik izan duzu?
Bai, bai. Agian, azkeneko hiruzpalau urteetan entrenatzera edota probaren bat edo beste prestatzera kanpora joateak eragin izan dit jaiez gozatzerako garaian. Hala eta guztiz ere, urte askotan, udaran lehentasuna izan duten egunak izan dira jaiak. Udarako oporrak, beti hartu izan ditut herriko festetarako, baita aurten ere. Horrela, bihar 10:00etarako oporretan izango naiz.
Eta aurten, bertan geratuko zara edo kanpora zoaz?
Lehen egunean, egun guztian zehar ospatuko diren ekntzetaz gozatu ahal izango dut. Herri afaria, esaterako, oso gustukoa dudan ekitaldia da. 500-600 herritar inguru plazan biltzea ikaragarria izaten da. Baina, hurrengo egunean Pirinioetarako bidea hartuko dut. Entrenatzera joan behar dut, hilaren 31ean Alpeetan jokatuko den proba baterako. Festen azken egunean, ordea, itzultzeko asmoa daukat, haurren dantza emanaldiaz gozatzeko.
Zu, afizioz, mendi korrikalaria zara. Gainera, distantzia luzeko lasterketetan aritzen zara.
Hala da. Orain dela 20 urte baino gehiago hasi nintzen lasterketatan. Pixkanaka, geroz eta distantzia luzeagoa zuten probetan aritu izan naiz.
Zenbait herritarrei ere, lasterketak bezala, festak luzeak egiten zaizkie...
Izan liteke. Festak, azkenean, mendi lasterketa luze bat bezalakoak dira. Lehenengo egunean oso indartsu hasiz gero, azken egunera ondo iristea ezinezkoa izaten da. Orduan, lasterketetara bezala, ezinbestekoa izaten da festetara ondo egokitzea. 5 egunetan eta 24 orduz, ezinezkoa da salontzotaz gozatzea. Noizbait deskantsatu beharra dago, gorputzak hala eskatzen duelako. Ondorioz, alderagarriak dira bai bata zein bestea.
Zure kasuan, zer moduz doa aurtengo denboraldia?
Ez doa nik uste nuena bezain ondo, iaz, lesio baten eraginez, nahiko gaizki amaitu nuelako urtea. Aurten, gainera, negu gogor bati aurre egin eta berriz ere forman egotea lortu nuenean, geratu egin behar izan nintzen, eroriko bat sufritu, eta beste behin lesionatu ondoren. Horrek, asko baldintzatu zuen nire prestaketa. Apirilean, munduko kopako bi lasterketetan (Portugalen eta Suitzan) parte hartzea zen nire asmoa, baina ezinezkoa izan zen. Hala ere, azken bi hilabeteetan, maiatzetik hona, forman jartzeko astia izan dut, baita pazientzia ere, eta orain gozatzen ari naiz.
Datozen asteetan, beraz, Alpeetako lasterketa izango duzu begiz jota.
Hala da, bai. 170 kilometroko lasterketa bat da. Orain arte, opor egun gutxi izan ditudanez, entrenamendu luzeak egiteko ere ez dut astirik izan. Beraz, festak pasa ondoren izango dudan bi asteko oporraldia, lasterketa hori prestatzeko baliatu nahi dut. Horrelakoetan, bolumen handiko entrenamenduak gauzatzeaz gain, intentsitate handiz aritzeko aprobetxatzen dut. 24 ordura arte luzatu daitekeen lasterketa da; hortaz, beharrezkoa da psikologikoki ere oso ondo prestatuta joatea.
Eta zer dela eta zoaz Pirinioetara hori prestatzera?
Gehienbat, distantzia luzeko igoerak egin ahalko ditudalako. Horiek hemen egitea ezinezkoa da, ordu eta erdi eta bi ordu arteko igoerak direlako. Hortaz, Pirinioetan aukera hori dut, eta Alpeetaraino joatea, gainera, ez da horren erraza, distantziagatik; eta ekonomikoki, luxu handiegia da.
Eta udazkenean, zertan arituko zara?
Printzipioz ez dut aurreikusten probaren batean lehiatzea. Bigarren urtea da jada lesioengatik asko sufritzen dudana. Gure kasuan, gainera, afizioa denez, poltsikotik diru kantitate handia jarri behar izaten dugu guztia aurrera eramateko. Lanean ere aritu beharko dut, eta guzti horrek, buruz ere indartsu egotera behartzen zaitu. Psikologikoki, oso jarduera gogorra da. Jakin egin behar da batzuetan balaztari eragiten, beste gauza batzuez gozatzeko. Familia baten parte naiz, eta beraiek ere nirekin batera sufritzen dute. Prestaketa lanak ez badira gozatzeko egiten, kirol honek duen zentzu guztia galtzen du. Hortaz, orain parentesis txiki bat ireki eta datorren urtean indartsuago hastea da nire asmoa.
Ondorioz, non sentitzen zara gusturago, mendian ala parrandan?
Ezingo nuke esan. Mendira joaten naizenean oso gustura egoten naiz, baina parrandan ere gauza bera gertatzen zait. Orain dela 15 bat urte gauza bera galdetuz gero, ez daukat dudarik parrandan gusturago arituko nintzela. Une honetan, ordea, nire bizi-estiloa gehiago gerturatzen da mendian egotera. Mendian gozatu egiten dut. Horrek, ez du esan nahi, parranda egiten dudanetan (gutxitan), ez dudala gozatzen, izan ere, hor ere oso gustura sentitzen naiz. Azken finean, lagunartean beste edozein egoeratan baino hobeto egoten gara.