Berastegiko Salontzo jaiak 2018:

Hasi dira Berastegiko Salontzo jaiak

Mikel Iraola 2018ko abuztuaren 8a

Bost egunez, igandera bitarte, izango dute festa giroa herrian. Ion Azpiroz Azpiroz aritu da pregoilari lanetan; modu horretara eskertu nahi izan dio udalak «Berastegi herria mundu zabalean eramatea».

Txupinazoa bota aurretik Garaiburu anaiak gogora ekarri nahi izan ditu Amaia Azkue alkateak: «Azken egunak ez dira batere gozoak izan herrian, baina festak pozik igarotzea da gure desioa. Udal taldearen izenean besarkada bat bidali nahi diegu guretzat horren eragile eta pertsona garrantzitsu diren Leire, Mireia eta beren familiari».

Segidan Ion Azpiroz Azpiroz mendi lasterkariak hartu du hitza. Bera izan da aurtengo pregoilaria. Festei hasiera emateko aukera izatea, baita berastegiarra izatea bera ere «ohorea» dela azpimarratuz hasi du bere hitzartzea: «Gonbidapena bidali nindutenetik buelta asko eman dizkiot: zer esan, nola esan, nola bizi unea. Bereziak direlako guztiontzat herriko festak. Gogoan dut nola jokatzen genuen pilota txapelketa gazte ginela, nola puskatu nuen hanka kontzertu batean, herri kiroletan nola irabazten edo galtzen genuen... Eskerrak ematea gustatuko litzaidake udal talde osoari nitaz oroitzeagatik».

Festak bizitzerik izango ez dituzten euskal presoak eta espetxean dauden Altsasuko gazteak ere gogora ekarri nahi izan ditu. Eraso matxistarik gabeko eta jai parekideen aldeko aldarriarekin amaitu du Azpirozek: «Ez beti da ez! Jai onak pasa, gora Salontzoak!».

Suziria lehertu bezain pronto buruhandiak irten dira plazara, txistularien eta trikitilarien doinuez alaituta. Gero lehen paxaka txapelketako eta pala txapelketako finalak jokatu dituzte. Arratsaldean, berriz, herriko gazteen arteko herri kirol desafioa izango da, eta gauean afaltzeko bilduko dira herritarrak, eskola aurrean.

Eta hau guztia, festetako lehen egunean. Beste lau izango dituzte aurretik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!