Kaxo jokoarekin eta piñatarekin ekin diote Berastegin kultur asteari

Maier Ugartemendia 2015eko urriaren 23a

Iluntzean Pablo Iztuetak Berastegi eta bere inguruei buruzko hitzaldia eskainiko du erabilera anitzeko gelan

Gaur hasi eta azaroaren 1a bitarte iraungo du Berastegiko kultur asteak. Arratsaldean, txikienak izan dira protagonista eta jolasean ibili dira herriko frontoian. Kaxa jokoan, 20 kaxaren gainera igotzea lortu duenik egon da eta piñatan, berriz, goxokiak barra-barra lortu dituzte, globoak lehertuta.

Gaurkoari amaiera Pablo Iztueta historialaren hitzaldiarekin emango diote; 19:00etan izango da.

Asteburu honetan izango du lehen etapa kultur asteak, eta hortaz, gaurko ekitaldiez gain, bihar eta etzi ere izango dute zer egin, zer ikusi eta zer ikasi berastegiarrek. Hemen hurrengo bi egunetarako egitaraua:

BIHAR, URRIAK 24

10:30. Belabietako estazio megalitikoa ezagutzeko ibilaldia, Manu Zeberioren eskutik (Aranzadiko arkeologoa). Plazatik abiatuta, 2-3 orduko ibilaldia.

15:00. Mus txapelketa herrikoia, Gaztainondo elkartean.

19:00. Pintxo potea herrian zehar.

23:00. Musika iluntzea Elizagoien ahizpak trikitilarien eta Sukarra 37 taldearen eskutik, Urepele biltokian.

ETZI, URRIAK 25

17:00. Kontu eta kantu ikuskizuna haurrentzat erabilera anitzeko gelan. Bertan haurrek kantu, ipuin eta bertsoez gozatzeko aukera izango dute.

19:00. Xendarineko ahizpen kantu emanaldia, erabilera anitzeko gelan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!