Kultur esparru ezberdinak landuko dituzte Berastegin

Maier Ugartemendia 2015ko urr. 23a, 08:55

Gaur abiatuko da eta bi astebururen bueltan banatu dituzte Berastegiko kultur  asteko ekitaldiak

Udazkenarekin batera eskualdeko hainbat herritara iristen dira azokak eta kultur asteak. Berastegin ere urtero ospatzen dute kultur astea garai honetan, eta urriko azken bi asteburuetan ospatuko dute aurten kultur astea; gaur emango diotelarik hasiera.

Mirari Saizar kultura zinegotziak azaldu duenez «azken bi urteetan  bezala, bi asteburuetan egitea» erabaki dute. Hala ere, kultur astea antolatzea ez da udalaren lana soilik izaten, herriko eragileek ere parte hartzen baitute antolakuntzan. Kultur astea antolatzerakoan «herritar guztiei» egiten diete deia festa batzordeko bileran parte hartzeko, baina «gonbidapen zuzenagoa» egiten diete herriko eragileei: «Lagundu nahi izanez gero, edo proposamenen bat izanez gero ekartzeko».

Egitaraua osatzerakoan, berriz, «herritar guztientzat interesgarria izan daitekeen programa» osatzen saiatzen dira Berastegin. Alde batetik, behin ere huts egiten ez dutenak «umeei zuzendutako ekitaldiak» izaten dira, eta bestetik kultur arloko «esparru desberdinak» ukitzen ere saiatzen dira: «Musika, pelikulak, hitzaldiak...». Saizarren esanetan, esaterako, bidaien inguruko hitzaldiak «oso arrakastatsuak» izan dira azken urteetan.

Lehen asteburuari ekiteko prest

Gaur ekingo diete lehen asteburuko ekitaldiei Berastegin. Haurrentzako ekitaldiaz gain, aurten «berrikuntza» izango da Pablo Iztueta soziologo, historialari eta filosofoak emandako hitzaldia: «Gure herriaren eta inguruaren historiari buruz ziur gauza interesgarri asko eskainiko dizkigula».
Bihar, berriz, urtero herriaren inguruan izaten den ibilaldian, Belabietako estazio megalitikoak ezagutuko dituzte. Manu Zeberio arleologoak gidatutako ibilaldia izango da, eta azalpenak emango ditu Berastegin aurki daitezkeen aztarnei buruz. Ibilaldia «interesgarria» izan daitekeela uste du Saizarrek, eta gainera «edozeinek egiteko moduko» ibilaldia izango da, kotxez inguratuko baitira Gorosmendira eta «handik ez dago aldapa handirik».

Arratsaldean izango den mus txapelketak urtez urte «arrakasta» izaten jarraitzen duela dio, eta «Parte hartzea hain zabala izanda» programatik ezabatu ezinezko ekitaldia da Saizarren esanetan. Ondoren, normalean hileko azken ostiralean izaten den pintxo potea izango da. Eta azkenik, Urepele elkarteak «proposatu eta antolatutako» iluntze musikatua izango da, eta Saizarrek «esker ona» adierazi die programa osatzen emandako laguntzagatik.

Igandeari dagokionez, arratsaldean umeei zuzendutako ikuskizunean «ipuinak, kantuak eta bertsoak oinarri hartuta osatutako ikuskizuna» izango da. Iluntzean, berriz, Xendarineko ahizpek kontzertua eskainiko dute «ahots hutsez eta instrumenturik gabe».

Igandeko ekitaldien ondoren, kultur asteak atseden hartuko du hurrengo ostegunera bitarte. Edonola ere, datozen egunetan izango dira nahikoa ekitaldi eta Saizarrek eskualdeko eta inguruko herrietako jendea gonbidatu du: «Kultur asteko edozein ekitaldita etor daitezela eta guk beso zabalik hartuko ditugu».

Kultur astea

GAUR, URRIAK 23

16:30. Globo piñata eta kaxa-jokoa haurrentzat, frontoian. Tartean merienda ere izango da.

19:00. Berastegi eta inguruak,     lehengotik orainera begira hitzaldia Pablo Iztuetaren eskutik, erabilera anitzeko gelan.

BIHAR, URRIAK 24

10:30. Belabietako estazio megalitikoa ezagutzeko ibilaldia, Manu Zeberioren eskutik (Aranzadiko arkeologoa). Plazatik abiatuta, 2-3 orduko ibilaldia.

15:00. Mus txapelketa herrikoia, Gaztainondo elkartean.

19:00. Pintxo potea herrian zehar.

23:00. Musika iluntzea Elizagoien ahizpak trikitilarien eta Sukarra 37 taldearen eskutik, Urepele biltokian.

ETZI, URRIAK 25

17:00. Kontu eta kantu ikuskizuna haurrentzat erabilera anitzeko gelan. Bertan haurrek kantu, ipuin eta bertsoez gozatzeko aukera izango dute.

19:00. Xendarineko ahizpen kantu emanaldia, erabilera anitzeko gelan.

URRIAK 29, OSTEGUNA

19:00. Biziabentura Hego Amerikan ikusentzunezkoa, Beñat Doyharzabal eta Maitane Garmendiaren eskutik, erabilera anitzeko     gelan.

URRIAK 30, OSTIRALA

16:15etik aurrera. Industria     parkea Kulkiren eskutik, eskola atarian. Tartean txokolate jatea.

18:30. Bizi baratzea liburuaren aurkezpena Jakoba Errekondoren eskutik, erabilera anitzeko gelan.

22:00. Xalbador, izana eta izena dokumentala, erabilera anitzeko gelan.

URRIAK 31, LARUNBATA

10:30. Ogia egiten ikasteko tailerra, Egoitz Iñurrita eta Olatz Etxeberriaren eskutik, Urepele biltokian. Partaideek irina eta bol edo ontzi borobildu bana ekarri beharko      dituzte etxetik.

19:00. Eskola Gurutziaga abesbatzaren emanaldia, erabilera anitzeko gelan.

AZAROAK 1, IGANDEA

Goizean. XVII. Azoka eguna izango da eta bertan herriko produktuak: barazkiak, gozokiak, gazta, eztia, eskulanak, etab. Tartean hainbat lehiaketa eta erakusketa ere izango dira:

• Gazta lehiaketa.
• Ahari, ardi eta bildots lehiaketa.
• Baratze lehiaketa.
• Postu hoberenaren saria.
• Arroz-esne lehiaketa.
• Animalia ezberdinen erakusketa.
• Argazki Rallyko argazki onenen erakusketa.

13:30. Lehiaketa guztietako sari-banaketa.

18:00. Talo jana eta goizeko    lehiaketetako gazta eta arroz-esneen dastaketa; ardoak eta sagardoak lagunduta. Tartean, Teresa eta Sara Caminos trikitilarien emanaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!