Belauntza Cup futbol txapelketa ekainaren 27an hasiko da, larunbatez, eta finala uztailaren 4an izango da, hori ere larunbata. Bigarren aldia izango du aurtengoan txapelketak, eta iazko arrakastaren ondoren berriro ere martxan jarri dute. Ibai Irisarri antolatzaileak azaldu duenez, «koska bat gora egin nahi izan dugu, eta iaz talde irabazleak Oktoberfestera bidaia jaso bazuen, aurtengo txapeldunak Eivissara lau eguneko bidaia izango du sari moduan». Txalet batera joango dira irabazleak, eta finalaren egunean jakinaraziko den beste opari bat ere izango dute.
Irisarrik gaineratu du antolakuntza zein herria bera «gogotsu eta ilusioz» daudela aurtengo txapelketarekin. Aurtengoan 24 taldek parte hartuko dute, iaz baino hiru gehiagok. «Apustu handiagoa egin dugu aurten. Iaz, lehenengoa izanik, ikusi nahi genuen zer erantzun izaten zuen, eta harrituta geratu ginen eta aurreikuspen guztiak gainditu genituen. Aurten ilusioz beteta gaude». Irisarrik nabarmendu du iazkoaren arrakasta: «Belauntza bezalako herri baten baliabideak modu horretan aprobetxatzea, gure jatorria, gure kultura, eta batez ere gure altxorra den euskara bultzatuz, zoragarria izan zen eta da. Orain eutsi nahi diogu, eta pixkanaka pauso gehiago eman eta hazten joan txapelketa bezala».
Astelehenean zabalduko da izena emateko epea
Izena emateko epea maiatzaren 11tik 15era izango da. Horretarako Belauntzacup.com webgunera sartu behar da, eta izena ematen duten lehenengo 24 taldek izango dute aukera txapelketan parte hartzeko. Talde bakoitzak 170 euro ordainduko ditu.
Berrikuntza moduan, aurten talde bakoitzak izen bat izango du. «Zortea dugu babesle dezente ditugulako, eta protagonismo gehiago eman nahi diegu, beraiengatik ez balitz txapelketa hau ez zelako aurrera aterako. Denei merezi duten garrantzia emateko, aurtengoan talde bakoitzak babesle baten ekipamendua izango du», esan du Irisarrik. Ekipamendua antolakuntzak jarriko du, eta txapelketa hasi aurreko egunean taldeen aurkezpena egingo da, hau da, ekainaren 26an, arratsaldez. «Taldeak eta jokalariak aurkeztuko ditugu, eta giroa berotzen hasiko da».
Beste berritasunetako bat aldagelak izango dira. «Futbol zelaian hainbat aldaketa egin ditugu iazko esperientzia eta gero beharrezkoak ikusten genituenak. Segurtasun gehiago jarri dugu, eta hainbat obra egin dira jendea gusturago egon eta giroaz gehiago gozatzeko». Berrikuntza gehiago ere aipatu ditu antolatzaileak: «Zozketa handiagoak eta berriak egingo ditugu, jokalariek gozatzen duten moduan ikusleek ere gozatzeko. Aurtengorako prestatu ditugun zozketak eta opariak asko gustatuko zaizkie ikusleei». Bestalde, haurrentzako jolasak ere antolatuko dituzte. Partida batetik besterako atsedenaldian egingo dira, eta animatu die egingo diren jolas horietan parte hartzera.
Txapelketaren helburua herriari bizia ematea dela dio Irisarrik: «Txapelketa honetan berez alde batera uzten da kirol maila, hau da, ona izatea kirol batean, eta garrantzia ematen diogu lagunartean etorri eta ondo pasatzeari. Belauntza bezalako herri txiki batek bere protagonismoa izatea bultzatzen dugu, eta inguruko herrietatik, handi zein txiki, hainbat kuadrilla etorri eta ondo pasatzea. Bai futbolean jokatuko dutenak, eta baita ikustera eta parte hartzaileak animatzera etorriko direnak ere».