Udaran antolatu zuten Belauntza Cup futbol txapelketan lortutako giroari jarraipena emanez, kirol ekitaldi berriak izango dituzte datorren astean. Belauntzako Udalak, hainbat eragileekin elkarlanean, frontenis eta mus txapelketa antolatu ditu. Ibai Irisarri antolatzailea egitasmo berriarekin pozik agertu da: «Ikusi genuen hemen eskualdean ez zeudela hainbeste lehiaketa frontenisari begira eta Belauntzan horretarako baliabideak izanda eta Belauntza Cup futbol txapelketaren emaitzak onak izan zirela ikusita, frontenis txapelketa antolatzea erabaki genuen».
Urriaren 20tik 25era jokatuko da frontenis txapelketa, Belauntzako Elizalde pilotalekuan. Finalak, berriz, larunbatean jokatuko dituzte, 18:00etan hasita. Izen-ematea ordea itxita dagoela jakinarazi du antolatzaileak: «Guztira 32 bikotek eman dute izena frontenis txapelketan, eta arrakasta hori ikusita, mus txapelketa ere antolatzea erabaki dugu».
Frontenis txapelketako finalak amaitu ostean, abiatuko dute mus txapelketa. Izen-ematea zabalik da eta interesa dutenek Belauntzako Ostatuan bertan edo www.eginbat.com webgunean izango dute horretarako aukera. Egunean bertan ere eman ahalko da izena. Gainera, sari bereziak banatuko dituzte; txapelak, kopak eta Tolosako Casa Julian jatetxean bazkari bat lortuko dute irabazleek.
Futbol txapelketarekin lortu zuten giro bera egotea espero du antolatzaileak eta horretarako frontoia atonduko dute. «Txozna bat egongo da eta aste guztian zehar edariak eskainiko ditugu bertan. Eszenatoki txiki bat ere izango dugu eta giroa jarriko duen DJ-a ere». Txapelketak amaituta, afaria egingo dute Belauntzako Ostatuan.
BABESLE UGARI
«Gaur egun kirolak giro osasuntsua eta jende ugari mugitzen duela ohartu gara. Horregatik, Belauntzan pilotalekua bezalako baliabide egokiak ditugula ikusita, horiek aprobetxatzea erabaki dugu», adierazi du Iñaki Telleria Belauntzako alkateak.
«Inguruan dugun industria ikusita, eragile ugarik lagundu digute hau dena antolatzen eta horrek bi gauza adierazten dizkit; batetik, kudeaketaren konfiantza, eta bestetik, eragile eta herriaren artean dagoen kohesioa eta indarra gauzak antolatzeko», gaineratu du. Era berean, eragile guztien lana eskertu nahi izan du.