Ataria TB

Belauntza Cup futbol txapelketa egingo dute uztail bukaeran

Imanol Garcia Landa 2025eko ekainaren 14a

Talde irabazlearentzat saria Oktoberfestera bidaia eta egonaldia izango da. Uztailaren 22tik 27ra jokatuko da txapelketa eta izen ematea ekainaren 27an zabalduko da.

Belauntza Cup futbol txapelketa jokatuko da uztailaren 22tik 27ra, eta ikusmin handia sortu du, talde irabazleak sekulako oparia jasoko baitu: Oktoberfest garagardo festara bidaia eta bi eguneko egonaldia. Ideia aspalditik datorrela azaldu du Ibai Irisarri antolatzaileak: «Belauntza baliabide asko dituen herria dela iruditzen zaigu, eta horien artean belar naturaleko futbol zelaia dugu. Horrelako txapelketa bat osatzeko aukera genuela ikusi genuen».

Iñaki Telleria alkatearekin harremanetan jarri eta lehen momentutik ideia gustatu zitzaiola azaldu du Irisarrik: «Udalaren eta Iñaki alkatearen laguntza guztia jaso dut txapelketa aurrera ateratzeko. Izan ere, txapelketa bat egin nahi dugu Gipuzkoa eta Euskadi mailan erreferente izango dena». Telleriak azaldu du sari berezi bat jarri nahi izan dutela, eta horregatik pentsatu zutela Oktoberfestera joateko saria erakargarria izango zela. «Herriko enpresei eskertuta gaude, proiektu honetan konfiantza jarri dutelako. Kilometro zero txapelketa bat dela esan daiteke, eta Belauntzako enpresen laguntzarekin posible izan da aurrera ateratzea», zehaztu du Telleriak.

Txapelketak 21 talde parte hartzaile izango ditu. Zazpi multzo osatuko dituzte, bakoitza hiru talderekin, eta aurrera egingo dute multzo bakoitzeko lehenengoak eta multzo guztietatik bigarren onenak. Uztailaren 22an hasiko da, asteartez, eta ostirala bitarte 15:00etatik 21:00etara jokatuko dira partidak. Larunbatean final-laurdenak eta finalerdiak jokatuko dira, eta uztailaren 27an, igandez, 18:30ean, jokatuko da finala. Futbol 6ko txapelketa izango da, hau da, talde bakoitzetik bost jokalari eta atezaina izango dira zelaian.

Izen ematea ekainaren 27an irekiko da, eta astebetez egongo da horretarako aukera. Talde bakoitzak 150 euro jarri behar ditu, hamar partaide izango ditu, eta guztiek 16 urtetik gora izan beharko dute. Belauntzacup.com webgunearen bitartez egin ahalko da izen ematea, eta zozketa bidez zehaztuko dira 21 talde parte hartzaileak.

Jokalari guztientzat txapelketako motxila bat banatuko dute, eta bakoitzak zenbaki bat izango du barruan. Gainera, egunero sariak eta ezustekoak izango direla azaldu dute antolatzaileek, eta jokalarientzako bakarrik ez, baita txapelketa ikustera joaten direnentzako ere.

Drone bidezko irudiak: Denadrone

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!